VIII. Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko hamar probetatik hiru, Goierrin jokatuko dira aurten ere: larunbatean Igartzan, irailaren 29an Arriaranen eta urriaren 27an Zegaman
Irailarekin batera hasi da Euskal Herriko mendi duatloien zirkuitua. Pasa den larunbatean Ibarran izan zen lehenengo saio puntuagarria eta bigarrena, Beasainen izango da larunbatean: Igartzako mendi duatloia. Beste bi proba gehiago ere jokatuko dira Goierrin: irailaren 29an Arriaranen eta urriaren 27an Zegaman. Azaroaren 24an amaituko da, Adunan.
Igartzako proba 16:00etan hasiko da, Florentzio Axpe kaletik. Auzoko baserri bideetan barrena, 22 kilometro osatu beharko dituzte kirolariek: 5,4 kilometro korrika, 13,5 kilometro txirrinduz eta 3,1 kilometro korrika. Bikoteka eta erreleboka ere parte har daiteke. Sariei dagokienean, 120na euro eta oroigarri bana jasoko dute irabazleek; bigarrenek 80na euro eta oroigarria eta hirugarrenak 50na euro eta oroigarria. Errelebo edo bikotekako irabazleek, oroigarriarekin batera, hurrengo probarako izen ematea dohainik izango dute. Igartzako proban parte hartu nahi dutenek,
kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena.
Arriarango mendi duatloirako izena emateko epea ere zabalik dago dagoeneko.
Zirkulazioan eragina
Igartzako probak eragina izango du zirkulazioan: E rrekarte, Ikasleen Zeharkalea, Karobi, Florentzio Axpe eta Loinatz auzorako bidea, itxita geratuko dira proba amaitu arte. Foru kalean, Zapatari kaleko bidegurutzetik Foru kaleko 64ra arte, zirkulatzea posible izango da, baina bi noranzkoan zirkulatuko denez, arretaz gidatzea eskatzen dute.