Ohiturazko mendi buelta, ekitaldia eta bazkaria egingo dituzte. Hurrengo bi aste sagardo, Basherri Egun eta San Migelekin. Mugikortasunaren astea ospatuko da

Lazkaotarrek aspaldiko ohitura dute, irailean, Esparru gainera igo eta erromeria egitekoa. 1947 inguruan hasi zen, halabeharrez. Zelaian egiten zen festa bat debekatu zuten agintariek, kutsu abertzaleegia zuela eta. Mendira jo zuten orduan, eta harrezkero, San Migel aurretxoan, urtero mantendu da ohitura.
Igandean, 09:00etan plazan suziria bota, eta oinez igoko dira herritarrak Esparrura (700m). Ekitaldia 12:00etan izango da: ikurrinari omenaldia, txistulariak, dantzariak, txalapartariak eta bertsolariak. Maialen Akizu eta German Urteaga ariko dira bertsotan, bai eguerdian, baita bazkal ondoren ere. Jolasekin osatuko dute eguartea, 12:30ean.
Bazkaria mendian
Herri bazkaria Esparru barrenean egingo dute, eguraldiak baimentzen badu (bestela, plazako frontoian). Bertsolariek eta Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek alaituko dute ondorena.
Esparruko bizkarrean lau udalerrik egiten dute muga: Lazkao, Olaberria, Ataun eta Idiazabal. Ikusmira zabala dago handik, Aizkorritik Aralarrera bitarteko zeruertz guztia beha baitaiteke, parez pare.
Bihar, 19:00etan, buruhandiak eta txistulariak aterako dira.
Hiru asteburutan ekintzak
Esparruko jiraren ondoren, irailaren 22an sagardo dastaketa egingo da (19:00), eta 23an VII. Basherri Eguna ospatuko dute. Azken asteburuan, San Migel festa izango da, irailaren 29an.
Astelehenetik larunbatera (irailak 17-22), berriz, Mugikortasun Astea egingo da Lazkaon. Txirrindu gynkana eta jolasak (astelehena, 17:00), ipar martxa edo nordic walking aurkezpena eta probatzea (asteartea, 19:00, kultur etxean), txirrindu martxa (asteazkena, 18:00), irristaketa jolasak (osteguna, 17:00), ikastolakoen ibilaldia herrian (ostirala, goizean), eta
street boulder topaketa egingo dira (arratsaldean).