Oianguko belar meta, deseginda.
Oiangu Baserriak ateak itxiko dituela eta, agur festa egin zuten, atzo. Jatekoa eta edatekoa eman zuten, eta kontzertuak ere izan zituzten. Jatetxearen arduradunak esker oneko agertu dira, herritarrek emandako babesa dela eta. Hala ere, festaren ondoren izandako “gertaera larri bat” salatu nahi izan dute. Izan ere, duela hiru urte jatetxea zabaldu zutenetik baserriaren atarian izan den belar metari sua eman zion norbaitek. Kea eta garrak ikusi zituztenean, suhiltzaileei deitu zieten, eta itzaltzerakoan, meta desegin behar izan zuten. Oiangu Baserriko lantaldeak “gertakizun latz hau salatu” nahi izan du.
Ordiziako Udalak eta Basque Culinary Centerrek duela lau urte sinatutako hitzarmen bat zela medio, sukaldari gazteentzako proiektu bezala jarri zuten martxan Oiangu Baserria. Zentro horretatik pasatako 5 ikaslek hartu zuten jatetxearen ardura. Lantaldeko kideek hitzarmenean esaten zirenak ez direla bete salatu dute, eta udalak ez duela “Oiangu balorean jartzen” jakin, ez eta “proiektu hau defendatzen” ere. Horregatik erabaki dute Oiangu Baserria uztea.