
Bederatzi lagunek, lau emakumezkok eta bost gizonezkok, osatzen dute Fabrikazio Aditibo Industrialaren inguruko masterraren lehenengo promozioa. Goierri Eskolak, Mondragon Unibertsitateak eta IK4-Lortek-ek elkarlanean jarri dute masterra martxan.
Bereziki profil mekanikoa edo antzerakoa duten graduatu edo ingeniari teknikoei eta fisikan eta kimikan graduatutakoei zuzenduta dago masterra eta fabrikazio aurreratuan konpetentziak eskuratzeko planteatuta dago, teknologia, material eta diseinu metodologia ezberdinak ezagutuz.
Fabrikazio aditiboak material gehitze bidezko teknikak hartzen ditu barne. Industria mailan sekulako hazkuntza ematen ari den eta potentzial handiko produkzio kontzeptu berri bat da, optimizazio maila handiak ahalbidetzen ditu osagarri konplexuak sortzeko garaian, moldagarritasun handia emanez. Masterreko ikasleek 3D inpresioa landuko dute, metaletan, karbono-zuntzezko konpositeetan, biomaterialetan eta plastikoetan.
Presentziazko saio antolaketak lanean diharduten profesionalek beraien eguneroko jarduna masterrarekin uztartzeko aukera ahalbidetzen du, lanaldi erdiarekin ikasketak bateratuz. Edonola ere, ikasle guztiek izango dute aukera enpresa batean egunero lau orduko praktikak burutzeko masterra egin bitartean. Apiriletik uztailera bitartean Master Amaierako Lana egin beharko dute enpresa batetan.