Gaztetxoentzat boxeo tailerra antolatu du larunbaterako Ordizia Punch Boxing Klubak. Boxeoa herriko gaztetxoei gerturatzea da taldearen helburu nagusia

Gaztetxoak boxeora hurbiltzeko tailerra antolatu du Ordiziako Punch Boxing taldeak larunbaterako. Beti Alai pilotalekuan izango da hitzordua, 15:00etatik 18:00etara. 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteentzat izango da tailerra.
Boxeoarekin lotura zuzen-zuzena izan duen herria da Ordizia. Eskualdean eta eskualdetik kanpo ere aski ezagunak dira orain dela urte mordoska bat Ordiziako jaietan antolatutako boxeo gauak. Ordizia Punch Boxing kluba ere sortu zuten orain dela urte gutxi herriko boxeozale batzuk, eta astero hirutan entrenazten dute Urdaneta eskolan.

Taldeak egiten duen lana kalera ateratzeko asmoarekin tailerra antolatu dute gaztetxoentzat; «neska-mutilak, hainbatentzat ezezaguna den kirol honetara gerturatzea da helburua»,Anartz Azkarraga taldeko entrenatzaileak adierazi duenez.
Azkarragak nabarmendu duenez, «boxeoa, elkarri kolpeak jotzea baino zerbait gehiago da; disziplina, ariketa fisikoa, gaitasun taktikoak eta autoestima lantzen dira, besteak beste». Eta hori guztia transmititu nahi diete gaztetxoei.
Egitarau betea
Larunbatean zortzi gune egongo dira. Horietako bakoitzean egingo den ariketa, Ordizia Punch Boxing-eko kide batek gidatuko du. «Mugimenduak, defentsa edo atakea izango dira landuko ditugunak, besteak beste», argitu du Azkarragak.
Mitoak uxatu nahian, «herriko neska-mutil guztiak gonbidatu» ditu larunbateko hitzordura eta azpimarra egin du «boxeoan helburuak norberak jartzen» dituela esanda. Tailerra, doan izango da eta beharrezko materiala ere taldeak berak luzatuko du.