Larunbatean Zegamako 8. mendi duatloia egingo dute. Aizkorrira igotzeko asmoa zuten, baina eguraldi txarra egingo du eta gaur erabakiko dute ibilbidea aldatu edo ez
![Zegamako_mendi_duatloia](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/10/Zegamako_mendi_duatloia.jpg)
Larunbatean Zegamako mendi duatloiaren 8. edizioa egingo dute. Proba hau Euskal Herriko mendi duatloi zirkuiturako puntuagarria da. Parte hartzaileak 14:00etan abiatuko dira. Parte hartu nahi dutenek
kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena.
Zegamako duatloia Elkartu Nahi txirrindulari elkarteak antolatzen du. Aurten ibilbidea aldatu dute, baina larunbaterako oso eguraldi txarra iragarri dute eta beharbada betiko ibilbidea egin beharko dute. Erabakia gaur hartuko dute.
![Zegamako_mendi_duatloia-1](http://goierri.hitza.eus/site/files/2018/10/Zegamako_mendi_duatloia-1-300x225.jpg)
Printzipioz, parte hartzaileak Sancti Spiritu azpiko aterpetxera joango dira bizikletan, handik Aizkorrira igoko dira korrikan, aterpetxera itzuliko dira eta bertan bizikleta hartuko dute Zegamara jaisteko. Eguraldi txarra egiten badu, aurreko urteetako ibilbidea egingo dute.
Aipatu bezala, erabakia gaur hartuko dute. «Oso eguraldi txarra egiten badu, boluntarioak eta kirolariak Aizkorrira bidaltzea arriskutsua iruditzen zaigu. Hori dela eta, bihar [gaur] iragarpena begiratu ondoren ibilbidea aldatu edo ez erabakiko dugu», aipatu du Ibon Zabaleta antolatzaileak.
Iaz Zegamako taldeak lan bikaina egin zuen Euskal Herriko zirkuituan eta Aitor Perez Arrietak Zegamako proba irabazi zuen. Aurten, Zegamako taldea ez da zirkuituan lehiatzen ari eta Perez Arrietak ez du larunbateko proban parte hartuko. «Anaiak eta biok Marino proban erorikoa izan genuen eta ez dugu parte hartuko. Oker ez banaiz, zegamar bakar batek parte hartu behar du: Xabier Azurmendik».
Perez Arrietak aurten ez du zirkuitua lehiatu, zegamarraren helburu nagusia Madril-Lisboa mendiko bizikleta proba izan baita. Aitor eta Ander Perez Arrieta eta Iban San Juan Arrieta lehengusua taldekako sailkapen nagusian laugarren postuan gelditu ziren eta hiruko taldeen artean onenak izan ziren.