Goierri garaiko enpresek Euskaraldiarekin bat egin dute
UGLE lanbide eskolako eta hamabi enpresatako ordezkariek agerraldia egin zuten atzo. Beraien langile, bezero, hornitzaile eta ikasleak parte hartzera animatuko dituzte
Euskaraldiaren berri emango diete baraien langile, bezero eta hornitzaile, irakasle eta ikasleei. «Horrekin batera, guztiak gonbidatu nahi zaituztegu ekimenarekin bat egitera, bakoitzak ahal duen neurrian. Gure kasuan, hemen bildutakook lantokietan Euskaraldia bultzatuko dugu eta erraztasunak emango ditugu aurrera egin dezan, gure lantokietan euskararen erabilera areagotzeko. Eta dei egiten diegu guztiei nahi izanez gero belarriprest edo ahobizi jarrera hartzera. Bakoitzak bere errealitate berezi eta bakarretik, baina guztiok batera aurrera».
Beraien ustez, Euskaraldia aukera ona izango da euskararen erabileran aurrerapausoa emateko. Euskara gehiago erabiltzeko gure herrietan, kaleetan, kiroldegietan, lagunartean, familietan, eskoletan… «Aukera ona izango da hizkuntza ohitura batzuk aldatzeko, zailtasun batzuk gainditzeko… Aukera ona izango da euskararen inguruan batzeko. Honekin guztiarekin, adierazi nahi dugu bai enpresa munduan, bai lanbide heziketan ere euskararen alde egiten jarraituko dugula».













