Ardiki Eguna ospatuko dute igandean. Zaldibiako mondeju zuriaren lehiaketa eta Aralarko artzainen gaztarena egingo dituzte. Erakusketak eta erakustaldiak, osagarri
Urriko azkeneko igandean ohitura den bezala, Zaldibian etzi ospatuko dute aurtengo Ardiki Eguna, Ardiki Kofradiak antolatuta. Beti bezala, herriaren ikur den mondeju zuria goratuko dute, artzaintzaren beste emaitza batzuekin batera. Igandean 10:30ean hasiko da azoka, erakusketekin eta lehiaketekin.
Mondeju lehiaketak 24. ekitaldia du. Izena emateko epea gaur bukatuko da (649 316 534). Atzo goizean 17 lagun zeuden apuntatuta. Bost kana mondeju eraman behar dituzte partaideek, bere salda eta guzti, igandean 10:00etarako, plazara. Itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta osagaien txikiketa hartuko dituzte epaileek kontuan.
Txapeldunak 300 euro eta txapela jasoko ditu, bigarrenak 200 euro, eta hirugarrenak 100. Bestetik, parte hartzaile bakoitzari 25na euro emango dizkiote.
Aralarko gaztaren 21. lehiaketa ere burutuko da. Horrako ere 17 artzainek eman dute izena.
Ohiko erakustaldiak
Antolaketa denak bideratuta dauzka Ardiki Kofradiak, iganderako. Eguraldi makurra dute buruhauste handiena, orain. «Hain txarra emanda dagoenez, agian Resti pilotaleku estalian egin beharko ditugu lehiaketak. Eguraldiaren arabera, erabaki hori hartzeko daukagu», aurreratu du Migel Mari Irastortzak.
Ganadu erakusketak eta erakustaldiak Toki-Alai pilotalekuan eta plazan mantenduko dituzte. Zazpi ardi lote eramango dituzte erakusketara, baita Zaldibiako pottokak eta ahuntz azpigorriak ere.
«Urteroko partaidetza mantendu da, bai bi lehiaketetan, bai erakusketetan. Neurri polita da, gainera, izena emandakoen kopurua. Baina 25. urtera bidean goaz, eta bultzada eta ideia berriak ere gustura hartuko genituzke», azaldu du kofradiako Irastortzak, aro berriari begira.
Festa-osagaiak
Diana musikari ugarik joko dute: herriko txistulari eta trikitilariek, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariek, eta Hernaniko Musika Eskolako albokari, dultzainero eta txistulariek. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariak ariko dira, goizean zehar.
Eskulangileak ere egongo dira saski, gazta, artile, galtzerdi eta mondeju egiten. Bazkaria eta erromeria izango dira gero.
Egitaraua
Ardiki Eguna, etzi
· 10:30. Diana.
· 10:30. Artisautza erakusketa, ganadu erakusketa eta artisauen salmenta feria.
· 11:30. 24.Zaldibiako Mondeju eta 21. Aralarko Gazta lehiaketak.
· 13:30. Sari banaketa.
· 14:30. Bazkaria, jatetxeetan. Txartelak azokan salgai (25 €).
· 18:00. Dantzaldia, Goierriko V. Erromeria Birakoa.
· 19:30. Kalejira.