Euripean, pentsio duinen alde egin dute Legazpiko jubilatuek eta pentsiodunek
Manifestazioa egin dute Laubide auzotik Euskal Herria plazaraino
Eguraldia txar-txarra izan da gaur; euri jasak eta haizearen ufadak itzelak izan arren, Legazpiko jubilatuak eta pentsiodunak kalera atera dira pentsio duinen eskaerari tinko eusteko. Ohiko elkarretaratzea egin ordez manifestazioa egin dute gaur, Laubidetik abiatuta.
Ohi baino pentsiodun eta jubilatu gutxiago bildu dira. Izan ere, hain izan da txarra eguraldia asko eta asko etxean geratu direla. Manifestazioan zihoan andre batek honela azaldu du, «elkarretaratzeetara datozen askorentzat zailagoa da manifestaziora etortzea mugikortasun arazoak dituztelako. Eguraldi honekin zer esanik ez».
Juanjo Zubilaga Buztintegiko idazkariak adierazi duenez, «hasieratik pentsatu genuen tarteka manifestazioak egingo genituela. Gaur, gainera, Laubidetik atera gara han bizi baita Legazpiko bizilagunen herena». Pentsio duinen alde ekintzak egiten jarraituko dutela erantsi du, «borrokak, baina, luze joko duela uste dugu». Pentsioak gutxieneko soldatekin parekatzea eskatzen ari dira, besteak beste.