Telleriarteko Txirrindulari elkartekoek antolatu dute. Urteroko data berean da, aurten Gipuzkoako txapelketa da jokoan. Zazpi txirrindulari legazpiarrek parte hartuko dute

Urtarrilean Espainiako Txapelketa jokatu zuten, Legazpin. // Argazkia: Julen Altube
Juan Luis Ormazabal eta Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko beste zenbait kide Legazpiko VIII. Ziklo-kros probako zirkuituari azken ukituak ematen ari ziren herenegun. Gipuzkoako txapelketa da bihar jokatuko dena eta Ormazabalek hari buruzko informazioa eman zuenean eguraldi ona egingo zuenaren iragarpena aintzat hartu zuen. Euskalmeten arabera, goizean eguzki izpiak eta lainoak tartekatuko dira. Nolanahi ere, 09:30etik hasita eta eguerdira bitartean egingo dituzten probetan parte hartuko duten txirrindulari asko eta asko «lehorretik» datozela dio Ormazabalek, «euri gutxi egin du eta lokatz gose dira. Izan ere, lehorretan azkarrago doaz eta ziklo-krosean ezinbestekoa den teknika gauzatzeko lokatza nahi izaten dute».
Bihar, zalantzarik gabe, lokatza egongo da Urtatza Zaharreko inguruetan prestatu duten zirkuituan. «Aldaketa txikiak egin ditugu, baina ziklo-kros lasterketa klasikoaren ereduari eutsiko diogu, eta txirrindulariek aldapa dezenteri egin beharko diete aurre. Ikusleentzat ere txi- rrindulariak ikusteko zirkuitu ezin hobea da».
Oraingoan Gipuzkoako txapelketa antolatzea egokitu zaie eta txirrindulariak master, kadete, junior eta open mailatan lehiatuko dira. Kadete mailako neskak maila bereko mutilekin neurtuko dira. Ormaiztegiko Lur Zufiria txirrindularia kadeteetan lehiatuko da. Open mailako emakumezkoak junior mailako gizonezkoekin batera aterako dira irteeratik.
Neskak, pixkanaka

Aida Nuño, iazko irabazlea.
Nesken parte hartzeari buruz itxaropentsu hitz egin du Ormazabalek: «Pixkanaka-pixkanaka gora ari da ziklo-krosean aritzen diren emakumezkoen kopurua. Garrantzitsua litzateke errepide txirrindularitzan ari diren taldeek euren txirrindulariei ziklo-kros lasterketak egiteko baimena ematea». Ormazabalen ustez, hala balitz hasteko gogoa dutenek ereduak izango lituzkete, «motibagarria litzateke eta kirol hau probatzeko aukera erraztuko lieke».
Olatz Odriozola, Lierni Lekuona eta Luisa Ibarrola txirrindulariek, besteak beste, parte hartuko dute biharko proban; gizonezkoetan Jon Munitxa, Javier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez bertan izango dira beste askoren artean. Legazpiko zazpi txirrindularik ere parte hartuko dute maila ezberdinetan; Ander Ibarguren elitean arituko da.
Telleriarteko Txirrindulari elkarteko kideek, ohi bezala, txosna jarriko dute.
Lakiolara doan bidea moztuta egongo da goizean
Gipuzkoako Ziklokros txapelketa dela-eta, Lakiolara doan bidea moztuko dute 09:30etik 14:00etara. Izan ere, zirkuituaren bihotza Urtatza Zahar parkearen ingurua izango. da.
Txirrindularitza proba egiten ari diren bitartean tarteka Urtatzako parkera doan bidea ere moztuko dute antolatzaileek eta proba bakoitza amaitu ahala antolatzaileek berauek emango diete pasoa ibilgailuei.
Urtatzara bidean dauden aparkalekuak ziklo-krosean parte hartzen duten taldeentzat, txirrindularientzat baita proba ikustera doazenentzat ere egokituko dira. Aitzitik, aparkalekuek gainezka egin ez dezaten, legazpiarrei oinez joatea gomendatu diete. Aparkalekuen inguruetan txirrindulariek proba ostean dutxatzeko gunea izango dute.