Patxi Ezkiagaren poesia antologia, labekada berri batekin
Balea Zuria argitaletxeak Blues bat bizitzari liburua argitaratu du. Patxi Ezkiagak (Legorreta, 1943 – Irun, 2018) egindako poesien artetik, “musika darien” lanak apartatu, eta antologia poetikoa ondu du. Olerkien lautik bat, hala ere, lehenago argitaratu gabeak dira. Liburua atzo aurkeztu zuten, Donostian, Felipe Juaristik, Pello Otxotekok (argitaletxekoak) eta Zelai Amenabarrok (Legorretako alkatea). Legorretako Udalak lagundu du argitalpena.
Dizplina artistiko ugari landu zituen Ezkiagak, bere bizitzan. Musikazalea zen, besteak beste, eta, antologiaren argitaratzaileen esanetan, nabari da hori idatzi zituen poemetan. Blues bat bizitzari lanean —100 orrialde ditu—, bereziki gizarteari zuzendutako olerkiak sartu dituzte.