Lehiaketaren helburu nagusia arte plastikoak sustatu eta zabaltzea da. Azaroaren 19tik abenduaren 10era arte dago zabalik onarpen epea. Goierritar onenak saria izango du
Arte plastikoak sustatu eta zabaltzeko, Ordiziako Udaleko kultura sailak bederatzigarren Goiart 2018-Ordizia sarian parte hartzeko deialdia egin du. Goiart saria 2000. urtean sortu zen eta artistei beren lanak kaleratzeko aukera ematen die.
Beste behin ere, Ordiziako Udalak Goiart sariketa abian jarri du eta dagoeneko guztien eskura daude parte hartzeko baldintzak eta bestelako informazioa. Onarpen epea, azaroaren 19tik abenduaren 10era bitarte izango da. Lanak aurkezteo epea berriz, 2019ko urtarrilaren 14tik 25era izango da, Barrena kultur etxean. Bertan, Euskal Herrian jaiotako edo bizi diren artistek parte har dezakete. Aurreko deialdietan lehenengo saria lortu duten artistek ezin izango dute bere burua aurkeztu.
Sariei dagokienez, diru sari garrantzitsuak banatuko dituzte. Lehen saria 3.000 eurokoa izango da, bigarrena 1.500 eurokoa eta hirugarrena 900 eurokoa. Goierrin jaio edo bizi den artista irabazleak ere saria izango du, 600 eurokoa hain zuzen ere. Informazio gehiagorako, interesatuek Barrena kultur etxean galdetu dezakete.
Goierritik Euskal Herrira
Lehen edizioan udalak 3.000 euro jarri zituen artista goierritarren lanak erosteko. Epaimahaiak erabaki zuen zein lan erosi, eta 2000ko Goiart sariko irabazleak Jesus Jauregi, Asier Mendizabal, Maider Urretabizkaia eta Jokin Telleria izan ziren.
Lehiaketa bi urtean behin egiteko sortu zen eta hurrengo edizioan, 2002koan, formatua aldatu zioten. Horrela, lehiaketa hutsean bihurtu zuten. Horretaz gain, Euskal Herrian jaiotako edo bertan bizi diren artistentzat zabaldu zuten. Horregatik aurtengoa bederatzigarren edizioa bada ere, beste edizio bat izan zen 2000. urtean Goierriko artistei bakarrik zuzendurikoa.