«Nahiago dut euskaraz hanka sartu gaztelaniaz egin baino»
Jesus Castillejo legazpiarra Doinua musika eskolan irakaslea eta Musika Bandako zuzendaria da. «Asier Iriondok Belarriprest izateko aukeraz hitz egin zidan, eta euskara ...
Jesus Castillejo legazpiarra Doinua musika eskolan irakaslea eta Musika Bandako zuzendaria da. «Asier Iriondok Belarriprest izateko aukeraz hitz egin zidan, eta euskara asko maite dudanez, baiezkoa eman nuen».
Eskolan ez zuen euskaraz ikasi; «orain pozgarria da ikastetxe guztietan euskaraz ikasi ahal izatea». Castillejo euskara ikastera animatu zen: «Euskaltegian ibilia naiz, Maizpiden ere bai, baina hala ere, gehiena kalean ikasi dut». Orain bere eguneroko bizitzaren %70 euskaraz da. «Kuadrillan gaztelaniaz egiten genuen, baina neska euskaldunak batu zitzaizkigun eta euskaldun zaharrek euskarari berriro heldu zioten; orain euskaraz egiten dugu gehienetan».
Aurrerapausorik handiena etxean egin du umeak dituenetik: «Etxekoekin dena euskaraz egiten dut, baita ikasleekin ere». Oraindik ere lehenengo hitza gaztelaniaz ateratzen zaiola dio: «Aitzitik, pixkanaka-pixkanaka euskara hasi da gailentzen eta hanka sartzen dudan arren, nahiago dut hanka sartu gaztelaniaz hitz egin baino».
Euskaraldia «ideia ona» dela dio, «baina ez hamaika egunerako, betiko baizik».