Bi udalek elkarlanean konponduko dute. Aurten, urak bideratuko ditu Mutiloak bere zatian, eta bi luizi sendotu Gabiriak. Erabilera handia du herri-arteko bideak

Mutiloa eta Gabiria lotzen dituen meategietako errepidea berritu egingo dute bi udalek. Lanak hasita daude. Lau kilometroko luzera du bideak, erdibana herri bakoitzean, gutxi-asko.
Gabiriako Ugarana eta Mutiloako Ergoiena lotzeko, berebiziko garrantzia du herri-arteko bideak, baita baserrietara, Aztiria auzora eta Mutiloako meatze barrutira iristeko ere. Hala, elkarlanean ekin diote aspaldiko proiektuari. Zorua egoera kaxkarrean dago, premia handia du.

Milaka askoko kostua du berrikuntzak, eta atalka gauzatuko dute obra. Udal bakoitzak bere barrutikoak egingo ditu.
Mutiloako Udalak urak bideratzeko azpiegitura eraikiko du, aurtengo partean: erretenak, ur hartuneak eta ubideak egiten hasita daude. 50.000 euro kostatuko da (BEZarekin).
Gabiriak, bere aldetik, bi luizi konponduko ditu: Aranbururako bidegurutzekoa eta garbilekuko fabrikaren goian dagoen sakona. 65.000 euro inguruko inbertsioa da (BEZa barne). Lurkide enpresari eman dio udalak.
Asfaltatzea, 2019an
Bigarren fase batean, asfaltatze lanak egingo dituzte, zatika edo osorik. Datorren urterako aurreikusi dute. Aldundiak diru laguntza emango du.