Asteburuan Olentzero Azoka egingo dute lehenengoz
Merkataritza biziberritzeko planaren barruko ekintza da. Eragile askoren elkarlanaren emaitza da. Azoka jasangarria izango dela azpimarratu dute
Azokaren aurkezpena egiteko antolaketan parte hartu duten eragile ugari bildu ziren udaletxeko batzar areto nagusian. Eric Galvez zinegotziak hitza hartu zuen, «azaro eta abendu partean Mirandaolara Olentzerori bisita egitera datozen bisitariak 10.000 inguru direla aintzat hartuta, Olentzerorekin zerikusia zuen azoka bat antolatzea pentsatu genuen».
Prestatu duten egitarauan Sorgintxulok, ETBko Go!azen eta 3zpa4 telebista saioetan parte hartzen duten legazpiarrek, Telleriarteko talogileak eta Doinua musika eskolako ikasleek parte hartuko dute, besteak beste. Irailean hasita, azokaren lanketa oparoa izan da eta Agenda 21eko Foroan ere gaia jorratu dute; hala, jasangarritasun irizpideak barne hartuko dituzte eta postuak Legazpiko enpresa batek utzitako paletekin egingo dituzte, karteletarako material birziklatuak erabili dituzte, bertako produktuak lehenetsiko dituzte eta jarriko duten noria motorrik gabekoa izango da.
Agerraldian Ilintiko lehendakari Carlos Villacortak elkarteak Legazpin «kontsumo jasangarria eta orekatua» sustatzen duela esan zuen. Maria Pavon Goierri garaiko merkataritza bulegoko arduradunak Olentzero Azo- ka ez dela «mauka azoka» izango nabarmendu zuen. Uggasako Josune Makaiak azoka «eragileen arteko elkarlanaren adibidea» dela erantsi zuen. Areago, Olatz Conde Lenbur fundazioko ordezkariak lantaldean sortu den «energia positiboari» egin zion azpimarra.
Egitaraua:
Abenduak 1, larunbata · 11:00. Azoka irekitzea. · 11:30-13:30. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira. · 12:00-14:00. Eskulanak Sorgintxulorekin. · 16:00-18:00. Jolasak Sorgintxulorekin. · 18:00-20:00. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira. · 18:00-19:00. Go!azen eta 3zpa4 telebista saioetako Maria Redondo eta Mikele Arizkorreta. · 21:00. Azoka ixtea. Abenduak 2, igandea · 11:00. Azoka irekitzea. · 11:00-14:00. Telleriarteko talogileak. · 11:30-13:30. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira. · 12:00-14:00. Eskulanak Sorgintxulorekin. · 12:30-13:30. Dultzaina eta trikipandero taldea. · 15:30-17:30. Jolasak Sorgintxulorekin. · 18:00-20:00. Igo Olentzeroren astotxoak daraman gurdira. · 19:00. KTE-ren saski zozketa. · 21:00. Azoka ixtea.













