Ekonomia sozial eraldatzailearen aldeko azoka, larunbatean Urretxun
Larunbatean Urretxu eta Zumarragako Azoka Sozialaren lehen edizioa egingo dute Gernikako Arbola plazan. Ekonomia eredua aldatzea helburu duten proiektu ezberdinak aurkeztuko dituzte. REAS, Fiare Banku Etikoa, Goiener, Izarkom eta Olatukoopek
Larunbatean Urretxu eta Zumarragako Azoka Sozialaren lehen edizioa egingo dute Gernikako Arbola plazan. Ekonomia eredua aldatzea helburu duten proiektu ezberdinak aurkeztuko dituzte. REAS, Fiare Banku Etikoa, Goiener, Izarkom eta Olatukoopek parte hartuko dute. Ekitaldi honek Urretxuko Udalaren laguntza du.
Bizitza erdigunean jartzen duten proiektu ekonomiko eraldatzaileen inguruko lehen azoka da. Ekonomia sozial eraldatzaileak gaur egungo krisiari aurre egiten dio, erantzunak eskainiz. Jasangarritasuna, elkartasuna, demokrazia, berdintasuna, zaintza eta justizia soziala (hau da, pertsonen bizitza duina) erdigunean jartzen duten proiektu ekonomikoak dira.
Antolatzaileen esanetan, alternatiba ekonomiko bideragarri eta eraginkorrak dira herritarren ongizaterako funtsezkoak diren eremuetan: energia, finantzak eta telekomunikazioak. Botere ekonomikoa herritarrei bueltatzea dute helburu. Azoka Sozialean herritarrek proiektu alternatibo hauek ezagutzeko aukera edukiko dute.
Postuez gain, lau hitzaldi egongo dira: 11:15etik 11:45era Olatukoop eta Koopfabrika aurkeztuko dituzte, 11:45etik 12:15era Izarkom, 12:45etik 13:15era Goiener eta 13:15etik 13:45era Fiare Banku Etikoa.
Goienerren xedea herritarrek energiarekiko kontrola berreskuratzea da. Mozkin asmorik gabeko kooperatiba izanik, elektrizitate berdea merkaturatuz lorturiko etekinak kooperatibara itzuliko dira berriz eta bazkideek erabakiko dute zertara bideratu diru hori. Kooperatiba honek ia 10.000 bazkide eta ia 12.000 kontratu ditu.
Fiare Banku Etikoa herritarren eskuetan dago. Ingurumena eta gizarte onura aintzat dituzten proiektuak finantzatzen ditu. Kooperatiba honek 37.000 bazkide ditu.
Izarkom, berriz, Euskal Herriko telekomunikazio operadore kooperatiboa da. REAS Euskadik ekonomia solidarioa eta enpresa solidarioak sendotzeko lan egiten du.
Bukatzeko, Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailean jarduten duten enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dute.