Nagusilani aitortza egin diote Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunean, Ordizian. Aitortza honekin, urtean zehar komunitateari eskaintzen dioten guztia balorean jartzea da asmoa.

Hiri hezitzailea gizartea eraldatzeko tresna gisa hezkuntzaren aldeko apustua egiten duen hiria da, lurraldean eragina duten ahalik eta heziketa-eragile gehien mobilizatuz eta antolatuz. Inklusioa eta aukera berdintasuna, justizia soziala, demokrazia parte hartzailea, kultura arteko bizikidetza, belaunaldien arteko elkarrizketa, bizimodu osasungarri eta iraunkorra, hiri iritsi-erraz eta interkonektatu baten plangintza, lankidetza, bakea eta horrelako balioak indarrean dauden hiri eredu batekin konprometituta egotea eskatzen du horrek. Hiri Hezitzaileen Kartan jasota dauden printzipioak dira guztiak.
Pasa den azaroaren 30ean, balore horien guztien eguna izan zen, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna hain zuzen ere. Ordizian, egun horretan, Hiri Hezitzaileen baloreak betetzen dituen talde eragile bati aitortza egin ohi diote. Aurten, Nagusilan elkartea izan da omendua eta Isidro Benitez Nagusilaneko kideak adierazi duenez, «emozio handiarekin» jaso duten aitortza da, «ez genuen espero gure boluntariotza lana horrela baloratuko zutenik».
Komunitateari laguntza
Orain dela 23-bat urte sortu zen Nagusilan eta harrezkero, komunitatean gehien behar duten haiei laguntzeko egin dute lan. Ordizian, «San Jose egoitzan, eguneko zentroan, Goazen Ordizian, Garagunean edota adineko pertsonei laguntzen» aritzen dira. Ez hori bakarrik, «herri mailan antolatutako foro desberdinetako partaide» ere badira. Gizarte gaiengatik mobilizatzen dira, elikagai bankuan ere parte hartu ohi dute. «Hilabetero elikagaien banaketan» parte hartzen dute eta baita «urtean zehar egiten diren bi elikagai bilketetan lagundu» ohi dute ere.
Asteko ia egun guztietarako zer eginak banatuta dituzte: «Asteazkenetan adibidez, eguneko zentrora erabiltzaileek ekartzen dituzten gurpildun aulkiak ezin dira barruraino sartu. Nagusilaneko bi boluntariok aulki guztiak hartu eta eguneko zentroraino sartzen dituzte eta ostiraletan, bingo jokaldia egiten dutenez, bingoa kantatzen laguntzen diegu».
San Jose egoitzara ia egunero joaten dira. «Zer egin desberdinak egiten ditugu bertan», jakinarazi du Benitezek. «Bingoan jokatu, eskulanak egin, konpainia egin eta abesbatza bat ere osatu dugu egoiliarrekin, besteak beste». Gainera Garagunekoekin ere kolaboratzen dute. «Garaguneko erabiltzaileekin paseotxoa ematera joaten gara, kafetxo bat hartu eta tertulia ere egiten dugu. Eskulanak ere egiten ditugu haiekin», gehitu du Benitezek. Ostegunetan, berriz, Goazen Ordizia ekimenean parte hartzen dute. «Gure lana, paseoan ateratzen diren haiei laguntzea eta haiekin hitzegitea da», nabarmendu du Benitezek. Aipatutako zer eginez gain, beste hainbat gauza ere egiten dituzte, zerrenda luzea da.
Boluntario beharra
Gipuzkoa osoan 850 boluntario ditu Nagusilanek. Ordizian 37 dira, horietako 28 oso aktiboak eta gainontzeko bederatziek kolaborazio arinagoak egiten dituzte. Adin guztietako jendea dago Ordiziako taldean, «19 urtetik 87 urte arteko pertsonak daude eta norberak markatzen du elkartearekin hartu nahi duen konpromiso maila edo zenbateraino kolaboratu nahi duen».
Talde polita badute ere, boluntario gehiagoren beharra dago. Horregatik, «Nagusilanen lagundu nahi luketen guztiei» dei egiten diete «behintzat proba egin dezaten, komunitateari laguntzeko esperientzia nolakoa den jakiteko». Interesa dutenek taldeko kideetako batekin harremanetan jarri edo Zuhaiztira gerturatu baino ez du