San Nikolas Txikiaren ohitura berritu dute gaur Seguran. Abenduaren 6an usadio dutenez, haurrak kalera irten dira, eskera. Etxerik etxe ibili dira, San Nikolasen kantua abestu, eta balkoietatik eta leihoetatik jaurti dizkien gozokiak hartzen. Poltsakada mardulak bildu dituzte.

Haurrak Segurako kalean San Nikolas errondan gozoki biltzen, gaur./Aimar Maiz
Gotzain txikiaren papera Luar Murgiondo Presak egin du. Sei urtekoa izan behar du, eta eskolan zozketa eginda tokatu zaio. Pottoka txiki baten gainean ibili da San Nikolas txikia, errondako gainerako haurrak —saldoa zegoen— gozoki biltzen ari ziren bitartean. Ordainetan, opariak egin dizkiote haurrek zaldi gainekoari.
Hiru-bat orduko erronda egin dute, beheko kale-muturrean 10:00etan hasi, eta mojen komentuan 13:00ak aldera bukatu.
Hauxe abestu dute segurar haurrek:
San Nikolas txikia,
gure ganbaran hazia.
Gure ganbaran zer dago,
haren gona gorria.
Bost eta sei bakailao jale,
bost eta sei hamaika.
Txorixorik ez baldin bada,
berdin dala lukainka. (bis)