Herrigunetik aparte jarriko dute, harrespil itxurakoa. Bide berria irekiko dute tiro zelaitik Herribaso industrigunera. Udalak 2,6 milioi euroko aurrekontua onartu du

Olaberriko Udalak azaroaren 22ko osoko bilkuran bideratu zituen 2019rako aurrekontua eta inbertsioetako lan garrantzitsuenak. Guztira, 2,6 milioi euroko diru kontua izango du udalak. Sarreren eta gastuen ataletan ez dago aldaketa nabarmenik aurreko urteetatik. Inbertsioetarako 800.000 euro bereizi dituzte.
«Inbertsio gehiegi ez dira egongo, baina daudenak potoloak dira», aurreratu du Jokin Garmendia alkateak. Hilerri berria eraikitzea izango da datorren urterako udalak hartuko duen lanik aipagarriena. Hilerri «modernoa» egingo dute, harrespil edo
cromlech itxurakoa, zirkularra. «Errautsentzako pentsatua da, gorpuentzat baino gehiago».
Herrigunetik aparte kokatuko dute, gainera. Kaskotik behera, Altune aldera jarriko dute. Hilerri berrira iristeko, bide berria ere zabaldu beharko dute. Herribaso industrigunetik tiro zelairaino irekiko dute bide hori. Egunerokoan, ez da zirkulazio arruntarentzat irekia izango; oinezkoentzat eta inguruko baserrietako erabilerarako mistoa baizik. Zabaleran estua izango dela aurreratu du alkateak.
Oraingo hilerria kendu gabe
Hirigintzako Plan Orokorretan aurreikusitako jarduera da hilerri berria egitearena. «Obra handia eta denbora luzerako ikuspegia du. Fase batean baino gehiagotan egin beharko da», dio Garmendiak.
Kostua guztira 800.000 eurokoa du proiektuak, baina 2019rako 500.000 euro apartatu ditu udalak. Lur sailak herriarenak dira. Bidea ireki, ingurua egokitu eta hilerria eraikitzen hasiko dira. Aparkalekua hurrengo urteetarako utziko da.
«Etorkizunerako bistarekin» egingo da hilerria leku berrian. «Egunen batean, herrigunea hazten baldin bada urbanistikoki, logikoena da orain hilerria dagoen eremurantz zabaltzea».
Oraingoz, ordea, dagoen hilerria ez dute kenduko, «urtetan» utziko dute hala, nahiz gorpu gehiago ez sartu. Ez dute zehaztu hobiratzeak hilerri berrian noiz hasiko diren.
Ihurren, azken kalea
Jabetza publikora igaro ondoren, Ihurre auzunea berrurbanizatzeko urtetako programa datorren urtean bukatzea aurreikusi du udalak. Barreneko kalea geratzen da berritzeko, eta horri helduko diote.
Bestetik, Jose Maria Aristrain kaleko etxebizitza batera irisgarritasuna ere hobetuko dute. 300.000 euroko inbertsioa eskatuko dute bi obrek. Gainontzean, Carrefour ondoko barrerari «alternatiba modernoagoa» emateko, 11.000 euro jarri dituzte.
Udalaren egoera ekonomikoa «saneatua» eta zorrik gabekoa dela nabarmendu du alkateak. Aurrekontu «zuhurra» egin dute 2019rako ere. «Segurutik jokatu ohi dugu. Baina helburua ez da dirua pilatzea, gastatzea baizik».
Hala, diru gerakina «nahi baino gehiago» hazten doakio Olaberriko Udalari, «nahiz eta aurten hozkada polita kendu diogun, etxebizitzak egiteko». Ihurreko kirolgunea eta eskola zaharretan etxebizitzak (bederatzitik bost erosi ditu udalak) izango dira aurtengo lanetatik jarraituko dituenak.