Jaiotzarik gabeko Gabonik ez
Lehenengo aldia da 24 urtetan Haztegi ikastolako jaiotza Merkatu Txikiarekin batera ez dutela ireki. Lanak atzeratu zaizkie; aitzitik, astean zehar irekiko dute. Mexiko da aurtengoaren gaia.
Batek baino gehiagok ezustekoa hartuko zuen aurreko larunbatean Haztegi ikastolak Gabon festa egin zuenean eta Latxartegiko erakusleihoa, zabaldu gabe, ilunetan geratu zenean. Merkatu txikia egin zuten eta Martin Pipasek Olentzerorentzako gutunak jaso zituen, eta jaiotza? Ez zuten ireki, ez. Baina aurki egongo da irekitzeko pronto. Koldo Maiz da egileetako bat eta aurtengoan hainbat arrazoik lana atzeratu dutela esan du, «jaiotza egiten dugunon baldintzak, libre egoteko aukerak eta abar tartean sartu dira. Halaber, aurten egutegiak aurreratu egin du merkatu txikia». Nolanahi ere, lanean ari dira eta jaiotza astearen amaieran irekiko dutenaren itxaropena azaldu du. Maizek umetan La Salle ikastetxean ikusitako jaiotzak gogoan dituen bezala, Legazpiko haurrak hala akordatuko dira Latxartegiko erakusleihoaz, ez baitago aspaldian Legazpin jaiotzarik gabeko Gabonik.
Areago, seguruenik ez da kasualitatea lehen La Sallen jartzen zituzten jaiotzak, Haztegin azken 24 urteotakoak ipintzen dituzten aretotik hurbilen dagoen gelan jarri izana. «Patrizio Etxeberriako langileak etortzen ziren jartzea. Nik oroitzen dudan azken jaiotzan indioak izan ziren nagusi, tipi eta guzti».
Gerora, Haztegi ikastolan Gabonen inguruan ospakizunak antolatzen ari zirela, Gabonak girotzeko jaiotza egiteko ideia sortu zen. Gurasoek, irakasleek eta laguntzaileek hartu zuten jaiotza egiteko ardura, beti ere, material birziklatuak oinarri hartuko zituztenaren konpromisoarekin.
Birziklatu eta berrerabili
Urtez urte denetariko objektuak birziklatu dituzte eta objektu horien guztien erabilpena eraldatu dute behin baino gehiagotan. Hala sortu dituzte gai zein leku anitzak oinarri hartu dituzten jaiotzak. «Hasieran jaiotza tradizionalak egin genituen, juduak. Gero fantasiatik tiraka hasi ginen eta paisaia ezberdinak gurera ekartzen, hala nola Yemen, Kapadozia, Tunisia, Peru… Euskal Herriko hainbat ere egin ditugu», azaldu du Maizek. Iaz, Legazpiko Burdin Harana hartu zuten oinarri.
Aurten Mexikora begira jarri dira. Lehendik zituzten piezak eta mekanismoak Mexikoko jaiotzarako egokitu dituzte, baita giza figuren jantziak ere. Detaile bakoitzak zeresana dauka, figura gehienek mugimendua daukate. Ez ditugu, hala ere, lerro hauetan aurtengo jaiotzaren xehetasunak aletuko. Hala, urtero bezala, sorpresa izango da. Ohiko pertsonaia batzuk oraingoan ere egongo direla aurreratu du Maizek, «saguak erratzarekin uxatzen dituen andrea agertzen ez bada haurrek non dagoen galdetzen digute».
Izan ere, Maizek musu truk egiten duten lan horren saria haurren poza dela dio, «nik uste umeek euren burua txiki ikusten dutela helduen munduan eta jaiotzaren aldean, ordea, handi ikusteko aukera dutela. Hortxe dagoela magia». Partekatutako magia da, gainera, egileek ere bizi dutelako haien bitartez.













