Maila gorenean, Beñat Ibargurenek eta Azeari Andonegik 40-32 irabazi zioten Realari. Bigarren mailan, Xabier Ibarguren eta Imanol Olaran txapeldun
Oiangu Pilota Elkartearentzat egun borobila izan zen pasa den igandekoa, Goierriko taldea Gipuzkoako pala motzeko txapelketako bi kategorietan nagusi izan baitzen. Lehen mailako eta bigarren mailako bi txapelak eskuratu zituen, eta beste behin erakutsi du lurraldeko talde indartsuenetakoa dela.
Maila gorenean, Beñat Ibargurenek eta Azeari Andonegik 40-32 irabazi zieten Realeko (Donostia) Antxin eta Anduezari. Andonegik partida bikaina egin zuen hasieratik amaierara arte, eta Ibargurenek une erabakigarrietan min egiten asmatu zuen.
Partida hasiera-hasieratik jarri ziren aurretik lazkaotarrak, Andonegiren ezkerreko eta Ibargurenen eskuineko kolpe indartsuari esker. Realekoek partidan sartzea lortu zuten ordea, eta partida parekatu zuten. Azken txanpan, beste koxka bat egin zuten gora Oiangukoek. Pilota gogor astintzeaz gain, oso huts gutxi egin zituzten. Joko sendo horri esker, aldea handitu zuten amaieran 40-32 gailendu arte.
Bigarrenean ere txapela
Bigarren mailan, berriz, Xabier Ibarguren eta Imanol Olaran tanto bakarrarengatik gailendu zitzaizkien EPLEko (Errenteria) Eskisabel eta Picheli. Olaranek min handia egin zuen sakearekin, eta Ibargurenek ongi bilatu zituen aukerako pilotak tantoa amaitzeko.
Hamabosgarren tanto ingurura arte bizpahiru tantoko aldea izan zuten Oiangukoek, baina aurkariak ez zeuden amore emateko eta, galdutako pilota batzuk tarteko, errenteriarrak aurretik jarri ziren (23-18). Ibargurenek eta Olaranek ez zuten burua galdu. Olaranek ezker paretatik ibili zuen pilota, eta Ibargurenek etekina atera zion atzelariaren lanari, aurrean erritmoa bizkortuta.
Bi bikoteak parean heldu ziren neurketaren azken txanpara. Tanto oso borrokatuak jokatu zituzten. Amaieran, 38-38 berdinduta zirela, EPLEkoek egin zuten tantoa. 39-38koarekin, ordea, errenteriako atzelariak falta egin zuen saketik. 39-39, eta Olaranek sakea. Ongi bihurritu zuen lehen kolpea, eta Ibargurenek atzean jarri zituen ondorengo bi pilotakadak, aurkariaren hutsa behartu zuen arte.
Partida bikainak Oianguko bikoteek jokatutakoak, eta Gipuzkoako txapel bana eraman zuten etxera.