Jendea berandu inguratu bada ere, giro ederrean egin da Eguberrietako Feria, urteko azkena. Aspaldiko bi saltzaileren azken azoka eguna ere izan da: Juanita Lazkanok eta Joxe Mari Aranak etortzeari utziko diote.

Udaletxe arkupeetan oso momentu bereziak bizi izan zituzten atzo nazioartean gaztari esker sariren bat lortu duten artzain eta gaztagileek batetik, eta aspaldiko asteroko bi saltzailek bestetik: Juanita Lazkanok eta Joxe Mari Aranak. Egindako lanaren onespenez esker oneko ekitaldia izan zen.
Mende erditik gora ferian
Juanita Lazkano 1963an hasi zen Ordiziako feriara etortzen. «Zegamakoa izanik, hango paper fabrikan 10 urtez lan egin nuen eta Gabiriara ezkondu nintzenean, Frantziska Garmendia amaginarrebak eskatuta bere tokian hasi nintzen hona etortzen», azaldu du hunkituta Lazkanok. «Nik Ordizia oso nirea dut, Zegamatik ere gazte-gaztetatik irteera hona genuen eta gero hemen hainbeste urtetan…».
Jende eta aldaketa asko ezagutu ditu, eta dei berezia egin die gazteei feriekiko lotura manten dezaten; bai ekoizle-saltzaile izanez eta zer esanik ez erosle ere. Atzo, 80 urte bete zituen egun berean, agur esan zion saltzaile moduan azokari: «Hemendik aurrera lasai etorriko naiz goiz pasa seme-alabekin».

Joxe Mari Arana 10 urte zituela hasi zen etortzen aitarekin. Hark bere aitari hartua zion erreleboa: «Ia 100 urte bai, 3 gizaldi feria honetara etorriz, nirekin bukatuko da», aitortu du hunkituta. «Sentsazio gozo-gazia dut. Batetik gustura, orain lasaiago izango naizelako, baino pena pixka bat ere bai astero 53 urtez etorri ondoren».
Baserriko lanabesak, abarkak eta oinetakoak salgai izaten zituen propio prestatutako furgonetan. «Orain 29 urte erosi nuen hau, ordura arte postua jartzen genuen». Udaletxe aurrean hutsunea antzemango da 2019tik aurrera. Hala ere, Tolosan duten Arana oinetako dendan topatu genezake oraindik.
Jan-edan goxoak eskura
Orain Ezkioko Agirretxe ostatuaren ardura hartua duen Juanjo Martinez de Rituerto sukaldariak sagar dultze eta gazta hautsaz egindako piruletak prestatu zituen, baita odolki eta gazta pintxoak ere denen gozagarri. Bestalde, arkumea aste honetan 4,60 + BEZ (%10), Larsabi elkarteak adierazi moduan.
Joan zen astean Zeraingo Oiharte sagardotegikoek aurkeztu zuten Izotzezko sagardoa edari berriari esandakoari buruz argibide batzuk: izena egiteko moduari dagokio, sagarra bera edota haren zukua izoztuz egiten baita. Gozo-bixi-gazi puntua lortzeko irakina erdian mozten diote, eta prozesu bereziaren ondoren lortzen den sagar edaria da Maite eta Haritzek duela astebete ferian aurkeztua.
Ondo buka dezazuela urtea, eta 2019an ere feriek elkar gaitzatela.