Eguberrietan jolas parkeak, izotz pistak eta aisialdirako bestelako ekintzak antolatu dituzte Goierriko hainbat herritan. Haurren jai egunekin bat eginez, datorren astean ere izango da zer eginik

Lazkaon izotz pista jarri dute aurten ere; harrera ona du txikienen artean. // Loinaz Agirre
Eguberriak jolaserako dira. Goierriko herririk hazienetako plazak ikusi besterik ez dago. Haur eta gaztetxoek opor egunak dituzte, eta Olentzeroren opariak estreinatzeaz gain, hainbat tokitan antolatu dituzten Gabon parkeetan jolasteko aukera ere badute egunotan. Lazkaon, Ordizian, Urretxu-Zumarragan edota Legazpin, besteak beste, prestatu dute halako aisialdi eskaintza berezia.
Lazkaon esaterako, izotz pista dute jarrita egunotan. Azken urteetan arrakasta handia izan duen ekintza da, eta aurten ere, dozenaka umek jantzi dituzte patinak izotz gainean irristaka aritzeko. Oraindik probatu ez dutenek, gaur eta bihar izango dute aukera; goizez (11:00-13:30) eta arratsaldez (16:30-20:30) egongo da zabalik.

Umeak Urretxuko jolas parkean // K. Garralda
Ordizian ere jarri dute izotz pista. Baina ez da aukera bakarra izan; 3×3 futbol txapelketa eta zumba saioa ere izan dituzte, besteak beste. Hilaren 4ra arte, izotz pista eta puzgarriak izango dira Beti Alai pilotaleku txikian, goizez (11:30-13:30) eta arratsaldez (17:00-20:00).
Urretxu-Zumarragan berriz, Gabonetako haur parkea izan dute egunotan, Ederrena pilotalekuan. Denetariko puzgarri eta jolasak egiteko aukera izan dute etxeko txikienek.
Legazpin berriz, datorren asterako utzi dute jolas parkea. Asteazkenetik ostiralera zabalduko dute. Urbeltz Pilotalekuan eta Azokan egongo dira puzgarriak eta bestelako jolasak.