Oianguko bikoteak ezin izan du Andoaingo Gazteluko bikotea mendean hartu eta 45 eta 38 galdu zuten. Ibargurenek, Altzako Elite Eguberri Txapelketako finala irabazi du
Oianguko bikoteak ezin izan du Gipuzkoako pala luzeko txapelketa irabazi, eta azpitxapeldun gelditu dira, Andoaingo Gazteluko bikotearen aurka. 45-41 izan zen azken emaitza, pasa den larunbatean, Carmelo Balda pilotalekuan.
Profesionalen moduan, 54 metroko pilotalekuan eta herraminta pisutxuagoekin. Eta hala ere, finalean sartzea lortu du beste behin ere Oianguko bikote batek. Zuhaitz Letamendia olaberritarrak eta Aitor Luzuriaga ordiziarrak, pala erakustaldi polita eman bazuten ere, azkenean, Ibon Altuna eta Aritz Rekalde Andoingo bikotea gailendu zen. Altuna eta Rekaldek osatutakoa horrelako txapelketatan esperientzia zabala duen bikotea da. Iaz ere, beraiek izan ziren Gipuzkoako Pala Luzeko Txapelketa irabazi zutenak. Kasu hartan ere, Oianguko bikote baten aurka izan zen.
Oiangukoak ederki hasi zuten aurrez aurrekoa. Jokaldi distiratsuak egiten hasi zen Luzuriaga, bi pareta oso altuak botaz. Andoaingo bikoteak galduta hasi zuen partida. 4-11ko abantaila izatera iritsi ziren Goierrikoak.
Baina Andoaingoak esnatu eta Oianguko atzelariari lana gogotik egitea eragin zion. Horrela, poliki-poliki abantaila murriztu zuten berdinketa lortu zuten arte. Markagailuan nahiko berdinduta ibili ziren 40. tantoraino. Baina azkenean, Oiangukoen akatsen bat medio eta Andoaingoen joko onaren ondorioz, Gaztelukoak izan ziren txapeldun.
Ibarguren Altzan onena
Xabier Ibarguren lazkaotarrak Altzako Elite Eguberri Txapelketako finala irabazi du Orkatz Argote atzelariarekin batera, San Martin de Seignanxeko (Frantzia) Cristoff de Elizondo eta Oiartzungo Jon Hirigoienen kontra. 40 eta 38 izan zen partida amaierako emaitza. Bertan ,gainera, jokalari onenaren saria jaso zuen Ibargurenek.