Jokin Lasaren saioarekin hasiko da Igartza Musika ziklo berria igandean
Lazkaotarrak ‘Hamaika gezur’ disko berriko hamar kanta eskainiko ditu Igartzako jauregian. Ibon Urkia teklatuarekin eta Miquel Saumell gitarrarekin ariko dira. Kontzertua dohainik da
Igartza Musika ziklo berriaren lehenengo kontzertua izango da igandean, 19:00etan, Igartzako jauregian. Jokin Lasa lazkaotarra izango da gonbidatua eta Hamaika gezur izeneko bakarkako diskoko abestiak aurkeztuko ditu. Musika Eskolako Xabier Sarasolaren esanetan, «ohiko eran, ezaugarri dituen ahots goxo eta musika melodiotsuan» ariko da Lasa, «sozialki konprometituak» diren hitzez lagunduta. Dena den, lazkaotarra ez da bakarrik ariko Igartzako jauregiko oholtzan; Ibon Urkia teklatuarekin eta Miquel Saumell gitarrarekin izango ditu laguntzaile. Lan berriko hamar kanta abestuko dituzte. Ohi bezala, dohainik izango da kontzertua.