Xalbador Garmendia omendu du Euskaltzaindiak
Euskaltzaindiak Ageriko Bilkura egin du Donostian, eta joan den urtean hildako euskaltzainak omendu ditu bertan, tartean Xalbador Garmendia zaldibiarra. Lourdes Otaegik irakurri du haren hilberri txostena, bere ibilbideari eta egindako lanei errepaso zabala eginez. Beste horrenbeste egin dute Junes Casenave eta Manex Pagolarekin ere. Pantxoa kantariak girotu du ekitaldia, Pagolaren hiru abesti ezagun kantatuta.
Xalbador Garmendia zaldibiarra 1965etik zen euskaltzain urgazle, eta euskara batuaren sorreran parte hartu zuen. Itzulpengintzan ibilitakoa, euskara arduradun izan zen Egin-en eta Ikastolen Elkartean. Antzerkigintzan ere aritu zen, Historia triste bat pieza gogoangarria idatzi zuela. Lourdes Otaegi euskaltzain urgazleak ondo ezagutu zuen zaldibiar maisua. Bere esanetan, “energia handiko gizona” izan zen Xalbador, “adiskidetsua eta “umore onekoa”. “Orduko gure Google zen Xalbador, bizia, bizkorra eta jakintsua”, azpimarratu du Otaegik.