Argi Berriko mus txapelketaren irabazleek 2.000 euro jasoko dituzte
Otsailaren 9an jokatuko da Argi-Berriko 42. mus txapelketa.
Sarietan dator aurten Ordiziako Argi-Berri elkarteak antolatzen duen mus txapelketaren berritasuna. Aurtengo edizioaren irabazleek –42.a du aurten–, 2.000 euro eta txapelak izango dituzte saritzat, eta txapeldunordeek 1.000 euro. Iaz arte, 1.500 eurokoa zen sari nagusia, eta bigarrenek 800 euro jasotzen zituzten. Hori bai, izen-emateko garaian 50 euro ordaindu beharko da bikoteko. Orain arte 40 euro ordaintzen zen.
Otsailaren 9an jokatuko da aurten Argi-Berri mus txapelketa, 16:30ean hasita. Lau erregetara da, 6 hamarrekoko 3 ustelera. Inguruan muslari gehien biltzen duen txapelketa da Ordiziakoa. Iaz 121 bikote bildu zituen, eta Bizkaira joan ziren txapelak. Luis Anjel Abortiz eta Aitor Okamika izan ziren irabazleak (Ea-Izpazter). Muslari gehien 2006an elkartu ziren (158), eta gutxien 2014an (82).
Lehen zortzi bikoteek jasoko dute saria, eta lehen laurak ‘Pre-Master’ txapelketarako sailkatuko dira. Elkarteko lehen bikoteak, herriko lehenengoak, eta bi emakumek osatutako lehen bikoteak edo lehen bikote mistoak ere izango dituzte sariak. Horrez gain, Argi-Berrik gogoratu du 5na arkume eta antxumeren zozketa-errifak salgai daudela dagoeneko.