Finala gertuago, bikote gehiago
Goierriko 10 herritan jokatu dituzte Euskal Herriko Mus txapelketaren kanporaketak asteburuan. Aurrez beste lautan jokatu dira. Legazpin eta Arriaranen dira hurrena
Partaidetzaz nahiz giroz hotz antzean jokatu ziren abendu bukaera-urtarril hasieran Euskal Herriko Mus Txapelketaren lehen kanporaketak. Goierrin egindako lehen jardunaldietan, bikote bakarra sailkatu zen herriko: Xabi Altuna eta Jon Urteaga Ataunen; Joxe Mari Gorostizu eta Iñigo Oiarbide Araman; Alejandro Bikuña eta Antonio Berasategi Idiazabalen; eta Joxe Arotzena eta Bixente Apalategi Mutiloan. Asteburu honetan 10 herritan jokatu dira kanporaketak, eta kopuru aldetik nabarmen egin dira gora partaidetzak.
Segurako Elorripe tabernan jokatutakoa izan da muslari gehien elkartu dituena: 26 bikote. Txapeldunak Eñaut Altuna eta Iñaki Elortza izan dira, eta haiekin batera beste hiru bikote sailkatu dira: Jon Sarasola eta Xabier Suarez; Enetz Olano eta Josu Etxezarreta; eta Jon Ander Hombre eta Iraitz Iparragirre.
Zaldibiako Joxepanen 19 bikote aritu dira lehian, eta hiru bikote sailkatu dira herrian bertan otsailaren 23an jokatuko den Gipuzkoako finalerako: Iñaki Navio eta Jemi Urdangarin –irabazleak–, Mikel Atxaga eta Xabat Garmendia, eta Juanito Garmendia eta Hilario Agirre.
Gabiriako Ostatuan 16 bikote elkartu dira ostiral iluntzez, eta bik lortu dute sailkapena; Juan Karlos Kortak eta Euxebio Zabalak –irabazleak–, eta Iñaki Muruak eta Felix Maizek. Zumarragan lehian aritu diren 14 bikoteetatik, Antonio Aranzadik eta Juan Karlos Kortak –irabazleak–, eta Juanjo Bergarak eta Jabier Aztiriak lortu dute finalerako txartela.
Beasaingo Basakanan jokatutako kanporaketan, Joseba Sarriegi eta Eneko Salvador, eta Joseba Bidegain eta Jon Lizarazu sailkatu dira. Itsasondoko Kaxintaneko lehian, Joseba Goikoetxea eta Patxi Salaxar izan dira onenak. Itsason, Lazkaon, Ormaiztegin eta Zegaman ere jokatu dira kanporaketak.
Ostegunean, hilak 31, Legazpiko Karibe Zaharran (21:30) dago kanporaketa, eta larunbatean, otsailaren 2an, Arriarango Intxaurpe elkartean (16:30).