Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak Ignacio Ellacuria saria jasoko du
Ekialde Ertaineko berriemale beasaindarrak Eusko Jaurlaritzaren Ignacio Ellacuria saria jasoko du, Save the Children erakundeak proposatuta; munduan egiten diren giza eskubideen urraketak zabaltzeko egindako lana eta euskal gizartearen elkartasuna nabarmentzeko egin duen ekarpena izan ditu kontuan
Mikel Aiestaran kazetari beasaindarrak Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria jasoko du datorren astelehenean, otsailaren 4an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Iñigo Urkullu lehendakariak entregatuko dio saria.
Save the Children erakundeak aurkeztu du Ekialde Ertainean gertatzen denaren berri emanez hainbat komunikabidetarako lan egiten duen Aiestaranen hautagaitza. Kazetariak munduan egiten diren giza eskubideen urraketak zabaltzeko egindako lana eta euskal gizartearen elkartasuna nabarmentzeko egin duen ekarpena izan dira hautagaitza aurkezteko arrazoiak.
Garapenerako Lankidetzaren Ellacuria saria 2008 urtean ezarri zuten Euskadiko autonomia elkarteko edo beste herrialderen bateko erakunde, kolektibo edo norbanakoek herrien arteko berdintasun eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana aitortzeko helburuarekin.