Otsailaren 13an talo ikastaroa egingo du AEK-k Arriaranen
Urteroko hitzordua jarri du Goiztiri AEK euskaltegiak otsailaren 13an: talogintza tailerra. Ohi bezala, Arriarango Intxaurpe elkartean elkartuko dira 18:00etatik aurrera eta Segurako talogileak izango dira irakasle. Taloaren historia eta sekretuak ezagutu ondoren, norberak bere taloak egin eta txokolate, txorizo edo gaztarekin jateko aukera izango da bertan.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute otsailaren 8a baino lehen, Beasaingo (beasain@aek.eus – 943 88 93 40) edo Ordiziako (ordizia@aek.eus – 943 88 91 74) euskaltegietan. Helduek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 2 euro.
Taloaren aitzakian, belaunaldi desberdinen topaleku bihurtzen da Arriarango Intxaurpe elkartea, eta baita euskaraz ikasten ari direnen eta dakitenen artekoa ere.