Beasaingo EAJ-k hautagaitza taldea aurkeztu du, Aitor Aldasoro buru dela
EAJk "esperientzia eta berritasuna" uztartzen dituen hautagaitza aurkeztu du, “Beasaingo EAJk ekindako bideari jarraipena" emateko helburua izango duena.
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaitza taldea aurkeztu du Beasaingo EAJk gaur Igartzako jauregian, Markel Olano diputatu nagusia eta Joseba Egibar GBBeko presidentea bertan zirela. “Esperientzia eta berritasuna uztartzen dituen” hautagaitza da EAJren esanetan, “Beasaingo EAJk ekindako bideari jarraipena emateko”.
Gaur egungo alkatea den Aitor Aldasoro izango da zerrendaren buruan, eta ondoan izango ditu Ainara Aiestaran, Ainhoa Arrese, Adur Ugartemendia, Malu Valles, Xabi Matarranz, Elena Ruiz, Edorta Diaz, Jon Olano, Leire Artola, Amets Arrospide, Arantxa Zufiaurre, Nekane Zaldua, Mikel Plazaola, Enkarni Arrieta, Leire Arrizabalaga, Markel Olano, Ana Asla, Joxan Imaz eta Juanito Lasa.
Aldasororen esanetan, “berriz ere alkategai izateko erabakian pisu handia izan du 4 urte hauetan nirekin lanean izan diren lankide eta lagunen babesa izateak. Esperientzia bezain garrantzitsua da berritasuna talde honek etorkizunean jarraipena izan dezan. Hori dela eta, profil ezberdinetako pertsonak eta pertsona berriak eta gazteak gehitu ditugu taldera. Beraz, gaztetasuna, berritasuna, esperientzia, ilusioa, lanerako gogoa eta helduenen esperientzia eta babesa uztartzen dituen hautagaitza talde sendoa osatu dugu”.
Alkategaiaren hitzetan, “legealdi honetan hainbat eta hainbat egitasmo eta proiektu abiaraztea lortu dugu, baina etorkizunera begira ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ideia eta proiektu berriak ere baditugu”. Era horretan, “ekindako bideari jarraipena emateko gogoz” daudela nabarmendu du, “hautagaitza talde sendoa izateaz gain, talde lanean garatutako herri proiektu sendoa ere badugulako eta herri proiektu horren parte sentitzen garelako”.
Pertsonak ardatz, 5 konpromiso
Aitor Aldasorok eta bere taldeko 4 kideek, Malu Vallesek, Elena Ruizek, Leire Artolak eta Xabi Matarranzek, egungo lan ildo nagusiei jarraiki, datozen 4 urteetarako konpromiso zehatzak hartu eta azaldu dituzte gaurko ekitaldian. “pertsonak ardatz izango dituztela hitz eman” dute eta beraz, “pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko konpromiso zehatzak” hartu dituzte: tokiko jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen jarraitzea; gizarte politika eraginkorrak eta adineko pertsonen ongizatea sustatzen jarraitzea; nortasunari lotuta, kirola, kultura eta euskara sustatzen jarraitzea; herri atsegina eta irisgarria eraikitzen jarraitzea; eta gobernu ona, kudeaketa eraginkorra, gertutasuna eta partaidetza oinarri hartuta lan egiten jarraitzea.
Aldasorok hitzaldiaren amaieran nabarmendu duenez, argi dugu zer nolako herria nahi dugun etorkizunean, eta bide hori, orain arte bezala, herritarrekin egingo dugu, momentuko beharrei eta eskakizunei erantzunez, baina etorkizuneko erronkei ere helduz”.