Beasaingo pilota txapelketa herrikoian izena eman daiteke
Beasaingo eskuz binakako pilota txapelketa herrikoiak urteurren borobila du aurten, hamargarrena. Bertan parte hartu nahi dutenek otsailaren 3ra arteko epea daukate izena emateko. Bi bide daude horretarako: 617 600 404 telefono zenbakira deitzea edo Oriamendi kaleko Santiren fruta dendara joatea. Bikoteko 20 euro ordaindu behar dira eta elastiko bana jasoko dute opari.
Txapelketa otsail erdi aldean hasi eta Loinatz jaietako astelehenean, ekainaren 3an, amaituko da. Ohi bezala, partidak ostiral iluntzetan, 19:00etan, jokatuko dira Gernika pasealekuko pilotaleku txikian, eta igande arratsaldeetan, 17:00etan.
Lehenengo lau bikoteentzat egongo dira sariak: lehenengoarentzat afaria, ardoa eta txapela; bigarrenarentzat eta hirugarrenentzat afaria, ardoa eta kopa; eta laugarrenarentzat, bi ardo kaxa.