Martin Garcia, Nerea Garmendia eta Jakitea sukaldari elkartea izendatuko dituzte Odolkiaren ohorezko kofradiakide berriak
Otsailaren 5ean, Loinazko San Martin Egunean, egun osoko egitaraua antolatu dute Beasainen.
Beasaindarren zaindariaren eguna ospatuko da otsailaren 5ean, Loinazko San Martin eguna, eta egun horretan ohikoak diren Odolkiaren Kofradiaren kapituluarekin eta Aranealde elkartearen egunarekin batera, herri kirolak, pilota partidak eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak musika taldea ere izango dira aurten.
Goizeresi Txistulari taldearen eta Musika Eskolako bandaren eta txistularien dianarekin hasiko dira ekitaldiak, 09:30ean. 19 kofradiei harrera egin eta 10:20ean desfilea egingo dute San Martinen estatuaraino. Lore eskaintza egin eta aurreskua dantzatu ondoren, mezatara joango dira. 12:00etan izango da Kofradiaren 34. kapituluaren ospakizuna. Martin Garcia historialaria eta idazlea, Nerea Garmendia aktorea eta Jakitea sukaldari elkartea izendatuko dituzte ohorezko kofradiakide berriak. 11:00etatik aurrera, odolkiaren dastatze herrikoia egingo dute Zubimuzu plazan.
Aranealden egun handia
Aranealde elkartean ere egun handia izango dute asteartekoa. 13:00etan, bazkideentzat luntxa prestatuko dute eta 17:00etan, Juana Maria Zurutuza eta Jose Maria Llorente omenduko dituzte, Aurtzaka dantza taldeko dantzarien laguntzaz. 17:30ean, Gurea abesbatza eta 18:00etatik 21:00etara, dantzaldia izango dra.
Pilota partidak
Bestalde, Gernika pasealekuko pilotalekuan, 17:30ean, pilota eskolako pilotarien partidak izango dira: Unax Mujika etaAdur Tximeno, Ekain Martelesen etaEki Martinen aurka; Martin Izurieta eta Eñaut Oiarbide, Eñaut Aranbururen etaAdur Ugartemendiaren aurka; Ekhi Iraeta eta Enaitz Irastorza, Beñat Mujikaren eta Urtzi Mujikaren aurka; eta Alain Goikoetxea etaJulen Goikoetxea, Manex Martinen etaXabi Auzmendiren aurka.
Urrezko Aizkolariak
Antzizar Kiroldegian, azkenik, 18:30ean, herri kirolak izango dira, Urrezko Binakako aizkolari txapelketako final erdia, emakumeen urrezko banakako aizkora txapelketa eta harrijasotze txapelketa. Gizonezkoetan Iñaki Azurmendi eta Ugaitz Mugertza, eta emakumezkoetan Nerea Sorondo ariko dira otsailaren 3an Abadiñon irabazten dutenen aurka. Harri jasotzen, Aimar Galarraga oriotarra ariko da.