Elkarretaratzeak egin dituzte osasun etxeetan, "Lehen Arreta indartsu, eraginkor eta iraunkorraren alde"
Osasuneko Lehen Arreta "arriskuan" dagoela salatu dute osasun zentroetako langileek, eta zerbitzu "indartsu, eraginkor eta iraunkorra" aldarrikatu dute.
Osasun etxeetan, ostiraletan, elkarretaratzeak egiten ari dira Osasuneko Lehen Arreta “arriskuan” dagoela salatzeko. Beasaingo anbulatorioko langileek bidalitako oharraren arabera, “azken urte hauetan, Lehen Arreta eta berarekin Osasun Publiko Sistema osoa narriatze progresiboa jasaten ari dira. Ospitale bitarteko arretarako inbertsioak gora egiten duten bitartean, gero eta txikiagoa da LAn egiten direnak; kontuan eduki gabe, LAko ekipoek irtenbidea ematen diegula osasun arazo gehienei, eta gastu murritzagoaz eman ere”. Euren ustez, “osasun kudeaketak ospitalea du ardatz. Ospitale eta Lehen Arreta gestioa batu egin dituzte, gure ustean LA ospitalearen zerbatzaritzat jotzen delarik”.
Honela, langileen oporraldiengatik, gaixotasunarengatik edo lanaldiaren murrizketengatik sortutako hutsegiteak ordezkapenik gabe uzten direla diote. “Galde egindakoan erantzuna beti da bera: ez dago medikurik. Baina bitartean, kontratu duinen eskaintza ezak bultzatu egiten ditu lankideak atzerrira; eta Euskadin 2011 eta 2016 urteen artean, mila medikuk baino gehiagok eskatu zuen Egokitasun Ziurtagiria, atzerrian an egiteko gaitasuna aitortu ziena”.
Ondorioz, urte sasoi batzuetan, “eta eguneko lanaldian, 40-50 paziente artatu behar izatera garamatza. Horrek arrisku larriak dakartza pazientearentzako; izan ere, akats probalitatea eta balizko kaltearenak gora egiten du nabarmen; eta kalitatezko arreta bermatzea ezinezkoa da”. Lan gainkarga hori “estrukturala” bilakatzeko arriskua ikusten dutela diote. “Gainera, datozen urteetan jubilazio kopurua biziki emendatuko da, EAEn 2026. urterako 4.000 medikuk beteko dituzte 65 urte”.
Langileen aldarrikapenak:
Lehen Arretako elkarretaratzeekin, ondorengo eskakizunak egiten dituzte, “Lehen Arreta, indartsu, eraginkor eta iraunkorraren alde”:
· Egingarriak diren agendak planteatu, 30 hitzorduetako muga gaindituko ez dituztenak.
· Arreta zuzenezkoak ez diren lanorduak aintzat hartzea, funtsezkoa baitira formakuntza, irakaskuntza, komunitate jarduera eta ikerketarako.
· Erizain bat mediku bakoitzeko.
· Administrazio langile kopuru nahikoa, dagokien formakuntzaz.
· Jubilazio eta bakanteak, interinitate bidez berehala betetzea.
· Oporrak, formakuntza, soldatarik gabeko baimenak, gaixotasun bajak eta beste arrazoiengatik sortutako hutsegitereen ordezkapenak.
· Osasun langileak kanpora joan behar izatea ekiditea.
· Behin-behineko langileen kontratuak hobetzea, eta era berean, lan kidego guztiena, ekipoen egonkortasuna bermatzeko.