Legazpin egosten dira txorizorik onenak
Javier Vadillok Euskal Herriko txorizorik onenak egiten ditu. Haragi kontuetan esperientzia handia du, betidanik izan baita harakina. Gakoa genero ona erabiltzean eta freskotasunean dagoela dio.
Javier Vadillok (Legazpi, 1967) neurria hartua die txorizoei, birritan irabazi baitu Euskal Herriko txorizo egosirik onenaren txapela. «Sekretua genero ona erabiltzean dago. Lehengaiak onak badira, azken emaitza ere halakoa izango da. Halere, txorizoak mimoz egin behar dira, eta freskoak izatea ezinbestekoa da», dio txapeldunak.
Begiak itxita ere egingo lituzke txorizoak: «Txerri haragia eta giharra besterik ez dira behar. Txikitu, piperrautsa eta bestelako bizigarriak gehitu, eta galkatu egin behar da», azaldu du. Behin eta berriz errepikatzen du generoak freskoa eta maila onekoa izan behar duela. «Garai batean ez nuen horren genero ona erabiltzen, baina denborarekin ikasten da bezeroak eskertzen duela genero ona erabiltzea, nahiz eta apur bat garestitu produktua». Inguruko larreetan hazitako abereen haragia besterik ez duela erabiltzen azpimarratu du Vadillok.
Jende ugari gerturatzen da bere harategira txorizo eske. «Halako sariek sona ematen diote harategiari. Jendeak ezagutzen gaitu, eta badaki produktu on bat erosten ari dela». Txorizoaren bila joan eta beste produkturen bat erosten dutenak asko dira: «Solomoa eta saltxitxak ere askok eskatzen dizkigute. Hanburgesak ere eskertuak izaten dira. Guztiz naturalak dira, eta aldea egoten da supermerkatu batean erosi edo bertan».
«Egoera ez da suziriak botatzeko modukoa, baina okerrago daudenak ere badaude», azpimarratu du. «Azken finean, jatekoa beti erosi behar da, eta baditugu bezero finko batzuk. Baina Legazpiko ostalarien egoera ez da erraza. Batzuk erretiroa hartuko dutelako eta erreleborik ez dutelako, eta besteak salmenta gutxi dituztelako, dendak ixten ari dira», gaineratu du.
Hamasei urterekin harakin sartu zenetik, kontsumo ohiturak aldatu egin direla ikusi du Vadillok. «Harategiak ere aldatu gara. Asko findu dira harategiak, orain produktu gehiago eta zainduagoak ditugu. Batzuk euren produktuak prestatu ere egiten dituzte bezeroari erraztasunak emateko». Harakinak Ederto izeneko sarea osatu zuten duela urte batzuk elkar laguntzeko asmoarekin.
Lehiaketa askorik ez
«Lagun batek esan zidan Euskal Herriko txorizo egosi onenaren txapelketara aurkezteko. Lehendabiziko urtean irabazi egin nuen, eta aurten bigarren txapela eskuratu dut». Azpeitian izaten da txapelketa. «Halako lehiaketa askorik ez da izaten, ferietan izaten dira ohikoenak. Ordizian, esaterako, txistorra lehiaketa egiten dute. Hor ere parte hartzen dut», azaldu du Vadillok. Itsu–itsuan fidatzen da bere produktuen maila onean, eta eroso sentitzen da txapelketetan.