Elkarren artean lehian aritu dira kuadrillak Idiazabalen
Kuadrillen arteko jolasak egin dituzte Idiazabalen: musika, garagardoa eta ondo pasatzeko ilusioa batu dituzte idiazabaldarrek. San Blas jaiak amaitzear daudela ospatu dute kuadrilla eguna, eta giroa bizi mantentzeko, kuadrillen bazkariaren ostean txosna gunean jolasak egin dituzte. Hainbat berezitasun izan dituzte jokoek. Oskolak bildu ordez, esaterako, garagardo edalontziak bildu dituzte idiazabaldarrek.
Elektrotxarangako kideak txosna inguruan musika jotzen hasi bezain laster bildu dira herriko kuadrillak bertara, eta 19:00etan hasi dituzte elkarren arteko jokoak. Euria, kazkabarra eta elurra ez dira gai izan idiazabaldarrei festarako gogoa kentzeko.