Azurmendi eta Mugertza elkarrekin ariko dira bihar, Larrañagaren eta Otañoren aurka
Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako kanporaketa jokatuko dute bihar, Loinazko San Martin egunez, Antzizar kiroldegian egingo duten saioan.
Loinazko San Martin eguna ospatuko dute bihar Beasainen. Ohiko ekitaldiez gain, Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako final aurrekoa jokatuko dute, 18:30ean, Antzizar Kiroldegian. Iñaki Azurmendi arriarandarrak Ugaitz Mugertza mutrikuarra izango du lagun; aurrean berriz, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño.
Gorputzaldi onarekin eta etxekoen aurrean aritzeko ilusioz dago Azurmendi. Beasaingo saioko irabazleak, martxoaren 3an Azpeitian jokatuko den finalerako sailkatuko dira.
Biharko saioan, emakumezkoak ere ariko dira aizkoran: Nerea Sorondo eta Xanta Sousa. Bestalde, Aimar Galarraga harri jasotzailea 175 kiloko harri laukizuzenarekin eta 150ko kubikoarekin ariko da.