Garmendiatarren eguna Beasainen
Beasaingo Odolkiaren Kofradiak ohorezko kofradiakide berriak izendatu ditu Martin Garcia Garmendia, Nerea Garmendia eta Jakitea elkartea, 23 kofradietako kideen babesean.
Beasaingo zaindariaren eguna, Loinazko San Martin eguna, izaten da Beasaingo Odolkiaren egun handia. 34. kapitulua ospatu dute gaur eguerdian, Loinazko San Martin plazan, Joxe Felipe Auzmendik gidatutako ekitaldian, eta Euskal Herri osoko eta Espainiako 23 kofradietako kideez inguratuta.
Auzmendik aurkezpenean adierazi bezala, Garmendiatarren eguna izan da gaurkoa, Martin Garcia Garmendia historialaria eta argazkilaria, Nerea Garmendia aktorea eta Jakitea elkartearen izenean Juan Manuel Garmendia sukaldaria (Xabier Zabaleta sukaldarirekin batera) izendatu dituztelako ohorezko kofradiakide berriak eta Beasaingo odolkiaren enbaxadore berriak.
Familiako argazkia atera dute plazako eskaileretan eta 14:30ean, lagun arteko bazkaria egingo dute Dolarean.