Altamirako belarra berrituko dute ligako atsedenaldian
Ordiziako udalbatzak urgentziaz onartu du Altamirako zelaia aldatzea. Errugbiko federazioak ultimatuma bota du eta ondoriak mahai gainean jarri ditu
Ordiziako udal gobernuak, kirol azpiegituren hobekuntza planaren barruan, Altamirako belarra aldatuko duela iragarri du. Proposamena pasa den ostegunean urgentzia bidez lantzeko osoko bilkuran aurkeztu ondoren, udal agintariek baiezko bozka eman eta onartu zen.
Erlojuaren kontra ari da Ordiziako udal gobernua, izan ere, futboleko eta errugbiko federazioen homologazio eskakizunak bete behar dira. Errugbi federazioak aditzera eman duenez, Altamirako belarraren egoera aldatzen ez bada, datorren denboraldian Ampo Ordiziak ezingo du liga jokatu. Horren aurrean, kezka agertu du Ordiziako errugbi taldeak eta udalbatzak «datorren udan Altamirako belarra aldatzeko Majoriren alde kreditu transferentzia egiteko partida bat onartu» duela jakinarazi du Jose Migel Santamaria alkateak.
Kirol arlorako aurreikusitako inbertsio plan, pasa den abenduan administrazio kontseiluan aurkeztu zen, eta pasa den asteazkenean egindako kontseiluan berriki landu zen, udalbatzatik pasa aurretik. Obra horren aurrekontua «350.000 eurokoa da eta proiektu baten beharrik gabe esleitu daikete», Majoriko administrazio kontseiluan adierazi zutenez. Berrikuntza lanak udan egin beharko dituzte, ligen atsedenaldia aprobetxatuz, anexoan egin zuten moduan.
Majori eta erabiltzaileen haserrea
Bestalde, Majoriko erabiltzaileen artean haserrea nabari da azken asteetan. Azpiegituretan izandako arazoengatik gimnasioa itxita egon da bi egunez eta Lazkaoko kiroldegira bideratu zituzten erabiltzaileak.
Horren aurrean, Odilo Rivela Majoriko kudeatzeileak adierazi du obren eraginez, ur filtrazioak egon direla, baina «arazoa konpontzeko gogor lan egin» dutela. Une honetan, Majoriko eremuan egingo den eraikin berriarekin lotura egiten ari dira, eta «horixe da hain zuzen obraren punturik konplexuena».
Gainera, eguraldia ere ez dute lagun izan. Horren aurrean, «eragozpenak sortuta ere, erabiltzaileei ulerkorrak izan daitezen» eskatu die. Izan ere, «Majori goitik behera aldatzeko lanean» ari dira, «herritarren beharrak asetzeko azpiegiturak edukitzeko».
Udal gobernuak Altamirako obrak «bere egitea» salatu du oposizioak
Altamirako zelaiaren belarra berritzeko pasa den osteguneko udalbatzan urgentziaz hartutako erabakiaren biharamunean Ordiziako Udalak bere webgunean argitaratutako albistearen aurrean, Ordiziako EH Bildu eta Ordizia Orain haserre agertu dira eta gaiaren inguruan alkateak izandako «jarrera zikina eta desleiala» salatu dute, «beste behin ere, gai hau ere bere interes pertsonalen arabera erabili nahi izan duelako, alderdi guztiei gaia ez erabiltzeko egindako eskaerari muzin eginez».
Gainera, udal gobernuak adierazitakoaren arabera, udal gobernua bera izan zen udalbatzan oposizioari proposamena egin ziona. Horri dagokionez, oposizioko alderdiek esan dute ez zela horrela izan: «bezperan egindako Majoriko kontseiluan oposizioak adierazi ziolako alkateari kreditu aldaketa hori egitearen urgentzia, eta dagoeneko kontu-hartzailearekin gaia landuta zegoela».
Aurrekonturik ez oraindik
Bestalde, kirol azpiegituretan egingo diren hobekuntzak iragartzerako unean, «legealdian zehar aurrekontua onartzeko dinamika konplexua aintzat hartzea» nabarmentzen du udal gobernuak. Horren harira, EH Bilduk eta Ordizia Orainek esan dute «aurrekontuen onarpena ezin da konplexua bezala azaldu, oraindik 2019ko aurrekontuen proposamenik ere ez dagoenean».
Otsailean sartuta aurrekonturik ez izatea «alkatearen bete gabeko ardura» dela salatu dute bi alderdiek, eta horrexegatik eta ez beste inongo arrazoirengatik Altamirako belarra berritu ahal izateko «urgentziaz aldaketak onartzera eraman» dituela horrek.