Bilbon, Madrilen eta Saudi Arabian mantentze kontratu bana lortu du CAFek
Renfe konpainiarekin, Bilboko Metroarekin eta Saudi Arabiako SRO eta SAR enpresekin lotu ditu CAFek tren unitateak mantentzeko lanen kontratuak.
Beasaingo CAF tren konpainiak Bilboko Metroko, Renfeko eta Saudi Arabiako trenentzako mantentze kontratuak lortu ditu egunotan. Lan horien guztien zenbatekoa 240 milioi eurotik gorakoa izango dela aurreratu du enpresak.
Renfe Espainiako tren konpainia nagusiak aldirietako trenen flotako zein distantzia ertaineko eskualdeko trenetako mantentze lanen esleipena eman dio CAFi. Lau urteko iraupena izango du kontratuak, beste urte betez luzatzeko aukerarekin.
Bilboko metroari dagokionean, 24 unitateren 218 bogie berrikusteko aukeratu dute CAF. Bost urterako kontratua da, eta aurretik beste serie batzutako trenen berrikusketa egiteko kontratuen jarraipena dela adierazi du enpresak.
Eta Saudi Arabiako SRO eta SAR enpresek era CAF hautatu dute haien trenen mantenu lanetarako. Saudi Railway Organizationek (SRO), Riyadh eta Dammam artean zirkulatzen duten 12 unitateen mantenua esleitu dio. Saudi Railway Companyk (SAR) berriz, Ryyadh era Qurayyat lineako sei unitateena. Bi kontratuek hiru urteko iraupena izango dute. Saudi Arabiako bi konpainien trenak, CAFek hornitutakoak dira, SROkoak 2008an eta SARekoak 2012an, eta desertuan eta muturreko tenperaturetan ibiltzeko prestatuta daude.