«Haur koru batekin Kantakaren harrobia sortzea da orain erronka»
Lazkaoko Kantakaren zuzendaritza 2015ean hartu zuen Javier Alberdik (Donostia, 1964). Gustura ari da, proiektu handiagoen aukerarekin. Gazteei dei egin die, beharra dago eta.
Nola dago abesbatzen egoera?
Koru-musikak oraindik interesa badu. Betidanik izan du, baina elizarekin eta musika klasiko aspaldikoarekin lotu izan da. Korua interesatzen zaion gazteria ere badago. Musikarako jakin-min handia dute horiek, eta oso-oso prestatuta daude. Baina kirolak irabazten digu honetan ere, eta gutxik aukeratzen dute.
Musikaren sentiberatasuna adinarekin etorriko da agian? 18-20 urterekin, zailago.
Bai. Korura datorrena, normalean, txikitatik ibilitakoa da. Guretzat desafio bat da hori: Kantakak ez dauka harrobirik, eta oso konplikatua du horrela. Aurreko zuzendari Debora Herrero saiatu zen haurrekin eta gazteekin, baina ezin izan zen. Ikastolatik sorturiko proiektua da, gainera, Kantaka bera. Baina haurren fasean zapuztu egiten da asmoa. Ikastolarekin batera, Kantakaren harrobi izango den haurren koru bat sortzea da erronka.
Harrobi hori gabe zer, bestela?
Bestela, oso zaila da abesbatzaren proiektua mantentzea. Manten liteke, baina konplikatua da.
Nola erakarri haurrak eta gazteak, ordea?
Haur garaian, koruan asko gozatzen da. Garai polita da. Gazteek bidaiak egin ditzakete, jendea ezagutu, jarduera soziala izan. Gero, ezkondutakoan eta familia sortzeko garaian, zailagoa da, beste edozertan bezala. Lan ibilbidearen bukaeran edo jubilazioaren hasieran hartu ohi dute berriro korua askok. Kantakaren kasua hori da, orain. Koru erdia lanean ari da, eta ahalegin handia egiten dute talde jatorra mantentzeko. Baina, berriro diot, lehen bi zatiak falta zaizkigu, haurrena eta gazteena.
Zer onura ditu abesbatzan aritzeak pertsonarentzat?
Buruarentzat, fisikoki eta sozialki oso jarduera ona da. Zenbaitek musikarik ez dakitelako muzin egiten dio. Ez dago zertan. Jakintza hori hartu egiten da, zuzendariaren lanetako bat da jendeak musikaz gehiago ikastea. Proba dezatela. Abestea gustatzea besterik ez da behar.
«Abestea gustatzea besterik ez da behar
koru batean hasteko. Proba dezatela»
Koruan ibiltzearen onura sozialak begibistakoak dira, burukoak edo animikoak ere suposatzen dira. Baina fisikoak zein dira?
Arnasketa asko lantzen da. Abeslari batek musika-tresna gorputzaren barruan dauka. Egoera fisikoa hobetzen dute ariketek, arnasketak, ahotsaren ikuspegiak, posturak… Adinekoentzat —Beasaingo Jubilatu Elkarteko korua ere zuzentzen dut— ordu erdiko kantaldia zutik irautea jada esfortzua da. Nola jarri edo nola egon erakutsiz gero, egunerokorako ere balio die. Gorputzak ondo egon behar du barruko musika-tresnak soinu ona atera diezaion.
Goierrin bizitzen ia 20 urte daramazu. Nola hasi zinen Kantaka zuzentzen?
Zarzuelak egiten zituztenean hasi nintzen, bakarlari modura kantatuz laguntzeko. Antioko Lehiaketan ere Kantakarekin abestu nuen. Abeslaria ere banaiz eta. Debora Herrerok zuzendaritza uztea erabaki zuenean, niri proposatu zidaten, elkar ondo hartu genuen, eta proiektua atera zen. 2015ean hasi nintzen zuzendari, eta zoratzen nago.
Abeslariak behar dituzuela esan duzu. Zer motatakoak?
Orain, batez ere, sopranoak. Jendea behar dugu, eta anima dadila kantatzea gustuko duena. Kantakak jada ondo funtzionatzen du, errepertorio zabala du, eta mota askotako musika abesten du; koru malgua da. Koruak musika jakin batean ez daitezela espezializatu gustatzen zait.
Proiektu handietan sartzeko ere ez duzue izurik. Azkena, Vivaldiren ‘Gloria’ abesteko?
Hainbat talde batzeko ideia hori sendotzen ari zaigu. Urtean behin, gutxienez, bakarrik ezingo genituzkeen ekoizpen handiagoei aurre egiteko balio dute. Aurten ere proiektu bat elkarrekin gauzatuko dugula uste dut, azaroan. Iazkoa esperientzia oso ona izan da. Lazkaon musika zikloa ere antolatu nahi dugu.
Maila badago, ezta?
Bai. Gipuzkoako Abesbatza Federazioan ehun korutik gora daude inskribatuta. Ikaragarria da. Tradizio handia dago, eta jendeak jarraitzen du. Koru asko ondo prestatuta daude; ez abeslari aldetik bakarrik, zuzendari aldetik ere bai. Xabier Barriola bat, kasu. Egoera hori baliatu beharra dago, eta gertu gaudenok elkartu, eta gauza potoloak egiten saiatu ere bai.
Lan arloan, erabat musikara dedikatzen zara?
Bai, guztiz musikara. Donostiako jesuiten eskolako San Ignacio koruan hasi nintzen txikitan, Garaioa zuzendariarekin. Lan ona egiten genuen. Ahotsa oso garaiz aldatu zitzaidan, eta 15 urterekin Orfeoi Donostiarrean tenore sartu nintzen. 20 urte aritu nintzen. Bitartean, Donostiako Kontserbatorioan pianoa eta kantua ikasi nuen. Orfeoiaren ondoren, Aita Donostia korua zuzentzen hasi nintzen, 25 urterekin. Gaur egun, lau koru zuzentzen ditut. Kea ahots taldean eta Angeluko Ascese koruan kantatzen dut. Ahotsa iraungitzen den baliabide bat da; zorionez, oraindik mantentzen dut.