Ion Izagirrek gaur ekingo dio denboraldiari, Valentziako Voltan
Astana taldean ondo egokitu dela dio Ormaiztegiko anaietan gazteenak. Iaz garaipenen bat falta izan zitzaiola dio, eta aurten bi eskuak jasotzea izango du helburu.
Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarrak gaur hasiko du errepideko denboraldia, Valentziako Voltan. Aurreneko etapa erlojupekoa izango da; Orihuelan hasi eta bukatuko da eta 10,2 kilometroko ibilbidea du. Itzulia igandean bukatuko da, Valentzia hiriburuan.
Gaur goizean Radio Euskadin hitz egin du Ion Izagirrek, eta “Astana taldean azkar eta ondo” egokitu dela dio. Valentziako Voltari ekiteko gogoz dago ormaiztegiarra: “Lehenengo lasterketara gogoz iristen zara, baina baita zalantzekin ere, nola egongo ote zaren, baina seguru gerra ematen saiatuko naizela”. Iazko denboraldia ona izan zela esan du, baino “garaipenen bat falta” izan zitzaiola. “Hori da urte honi eskatzen diodana, egun batean behintzat bi eskuak jaso ahal izatea”.
Gorka anaiarekin batera ariko da Ion, Astana taldean, baina anaia zaharrenak ezingo du oraingoz hasi, Ormaiztegiko ziklo-kros proban izandako erorikoa tarteko, atzeratu egin behar izan baitu denboraldi hasiera.