Itxaropen eta Aizkorri lotuko dituen igogailua hizpide Agenda 21 foroan
Legazpiko Agenda 21 Foroa bihar elkartuko da udaletxean. Igogailua egiteko dauden bi aukerei buruz mintzatuko dira. Aldeko eta kontrako puntuak aztertuko dituzte
Agenda 21eko Foroak bilera egingo du bihar Legazpiko udaletxeko areto nagusian, 18:30etik 20:00etara. Oraingoan Itxaropen auzoa eta Aizkorri kalea lotuko dituen igogailuari buruz arituko dira. Bi aukera tekniko daudela aurreratu dute, eta bakoitzaren aldeko eta kontrako puntuak aztertuko dituztela.
Bi aukeren gaineko azterketa egiteko, Legazpiko Udalaren irizpideei jarraituz, proiektuan lanean ari den lantalde teknikoak bileran parte hartuko du.
Agenda 21eko antolatzaileek, bidenabar, bilerak irekiak direla berretsi nahi dute eta oraingoan igogailuaren proposamenak zuzenean ukitzen dituen legazpiarrei deialdi berezia egin nahi diete, hain zuzen Aizkorri kalean, Itxaropen auzoan eta Domingo Agirre inguruan bizi diren legazpiarrei.
Halaber, aurreko urteko foroaren jardunaren balorazioa egiteko probestu dute biharko bileraren deialdia. Iaz bederatzi aldiz elkartu zen Agenda 21eko Foroa eta hainbat gai jorratu zituen.
Iazko foroaren uzta
Legazpira aldatzen diren pertsonei hondakinak nola kudeatu azaltzeko bideak aztertu zituzten, eta fitxa baten diseinuan parte hartu zuten Sasieta Mankomunitatearekin eta kanpotik datozenekin elkarlanean. Fitxa, gaur-gaurkoz euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, arabieraz eta errumanieraz eskuratu daiteke Legazpiko Udalaren webgunean.
Foroan drainatze jasangarriaren sistemen berri izan dute, baita udalak egin duen ikerketan parte hartzeko aukera ere. Drainatze sistema hori jarri dute, esate baterako, Latxartegiko jolas parke txikian. Parke txikian bertan, naturan oinarritutako diseinua egin zen hainbat sektoreren elkarlanaren ondoren. Bertatik Bertara proiektua, Olentzero Azokan ingurumen irizpideak txertatzeko moduak eta Legazpiko Mugikortasun Plana dira iaz Agenda 21eko Foroan landu zituzten beste gai batzuk.
Aurreko urtean 21 lagunek parte hartu zuten batez beste bilera bakoitzean; erdia baino pixka bat gehiago emakumezkoak izan ziren.