Txirbil, egur artisautzatik harago
Legazpiko Txirbil tailla elkarteak erakusketa ireki du kultur etxean. San Inazio auzoan dute taillera. Han, tailla langintzatik harago doan lagun talde eredugarria elkartzen da.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2019/02/txirbil_legazpiko_tailla_e-1200x660.jpg)
Astelehen iluntzea da, Santa Ageda bezpera. Legazpiko San Inazio auzoko Txirbil tailla elkarteko tailerrean argiak piztuta daude. Atea jo, sartu eta hamar bat lagun inguru dago bertan. Arrats berezia dela dirudi jaki gaziak eta gozoak dituztelako mahaian. Zalantza izpirik ez da guztiak isildu eta Heliodoro Pazos kidea Zorionak zuri kantatzen hasi denean. Beste taillagileak koruan batu zaizkio eta amaieran ahots grabez bakarkakoa egin du Pazosek. Guztiek txalotu dute bera eta urteak betetzen dituen kidea ere bai.
Txirbil elkartekoek erakusketa ireki dute Legazpiko Kultur Etxean. Bi urtean behin tailerrean egindako lanak herrigunera jaitsi eta ikusgai ipintzen dituzte. Erlojuak, kutxak, Gernika Picassoren margoaren taillak, armarriak, bestelako eskulturak… Guztira 40 bat pieza jarri dituzte, 15 lagun inguruk egindakoak.
Urtean bi ikastaro eskaintzen dituzte. Ikastaro orduan iritsi da kazetaria. Javier Arrieta zegamarra dute irakasle. Legazpin ikastaroak noiztik egiten dituen ezin akordatu da Arrieta, 25 urte baino gehiago izan litezke. Artean Txirbil elkartea sortu gabe zegoen eta Itxaropen auzoko hexagonoan ematen zituen eskolak. Elkartea 2001ean sortu zuten.
Generorik gabeko lana
Tailerrean bi emakumezko daude eta taillak ez duela generorik diote biek aho batez. Maixol Santillanek aitarengandik jaso zuen zaletasuna, «makuluak lantzen zituen». Nuria Matesanzek gogoko zituen eskulanak eta amak bere izena eman zuen tailla ikastaroan; hala hasi zen. Txirbileko kide gehienak gizonezkoak diren arren, egungo zuzendaritza taldean emakumezkoak dira gehienak. Santillanek tailla ikastaroetan izena eman dezaten animatu nahi ditu emakumezko legazpiarrak, «asko erakusten diogu elkarri».
Ikastaroan ari direnen artean Iñaki Artola lanean ari da erremintak eskuetan dituela. Artolak ez dauka hitz egiteko gaitasuna, baina desgaitasun horrek ez dio taillan aritzeko trabarik jartzen. Txirbil elkartea inklusiboa dela azpimarratu dute. Ez dago genero mugarik, ez dago gaitasun mugarik eta ez dago adin mugarik, handik baitabil 80 urte inguru dituen kidea ere.
Taillagile batzuk jubilazioaren atarian hasi ziren elkartean. Hori da, esaterako, Jose Luis Martinez de Ilarduiaren kasua. Elkarteko kide izanda, tailerreko giltza daukate eta noiznahi joan daitezke bertara lanera; bada han lantegian baino ordu gehiago egiten dituela dioenik.
Kultur etxean dauden piezetan, modu batera edo bestera, elkartean bizi duten giro lasai, lagunkoi eta inklusiboaren zantzuak sumatuko dira. Erakusketa zabalik egongo da otsailaren 15era arte.