Urretxuar bat zazpi Goya sari irabazi dituen pelikulan
Chema Tena aktore urretxuarrak Goya gehien jaso dituen pelikulan parte hartu du: Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren ‘El reino’. Ustelkeriari buruzko film honetan agerpen txiki baina garrantzitsu bat du.
Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren El reino izan da Goya gehien jaso dituen pelikula. Zazpi, hain zuzen ere. Chema Tena aktore urretxuarrak ustelkeriari buruzko pelikula honetan parte hartu du. Agerpen txiki baino garrantzitsu bat du: protagonista nagusiari egunkariko erredakziora bere bideo batzuk heldu direla jakinarazten dion kazetaria da.
Tena oso pozik dago, noski. Hitz onak besterik ez ditu Sorogoyenentzat. «Oso langilea da. Buruan duen horren bila joaten da eta badaki aktorea nola gidatu eta berarekin nola lan egin. Aktoreak oso ondo zuzentzen ditu. Errodajea primeran joan zen. Nirekin hitz egin zuen planoan edo eszenan kontatu nahi zuenari buruz, ondoren elkarrekin probatu genuen eta filmatu ostean heldu nahi genuen tokira heltzea lortu genuen edo ez ikusi genuen. Modu horretara lan egitea plazera da, opari bat», aipatu du.
El reino pelikula bikaina dela uste du. «Oso pelikula ona da. Guztiz beharrezkoa bizi dugun garai honetan. Izan ere, fikzioak errealitatea ikusten eta errealitatearen inguruan hausnartzen lagundu gaitzake. Gainera, fikzioak iritzi bat izateko, errealitateari aurre egiteko eta aldaketak bultzatzeko indarra ematen digu».
«Sorogoyenek ondo daki aktorea nola
gidatu eta berarekin nola lan egin»«‘El reino’ pelikulak politikaren egungo
egoera primeran islatzen du»«Netflix-en telesail batean lan egiten
ari naiz, Maradonari buruzkoa»
El reino ustelkeria politikoari buruzko pelikula da. «Boterean guri esker daudela ahazten duten politikariei buruz hitz egiten du. Gure mesedetan lan egin beharko lukete eta ez beraien mesedetan. Sorogoyenen pelikula honek politikaren egungo egoera primeran islatzen du», azaldu du.
Hamahiru izendapen
Pelikula bikaina dela dion arren, ez zuen espero Goya sarietarako hamahiru izendapen lortzea. «Sorpresa handia izan zen. Sekulako pelikula dela oso argi genuen, baina hamahiru izendapen… Ez genituen horrenbeste espero».
Ez du pelikularik onenaren saria lortu, baina zazpi Goya lortu ditu. Tartean, gidoi, zuzendari, aktore eta musika onenari dagozkienak. Tenak Buenos Airesen ikusi zuen Goya sarien banaketa. «Ilusio handiz ikusi nuen, pelikulak izendapen asko baitzituen. Sari banaketa lankide askorekin ikusi nuen, energia askorekin. Sevillan egongo banintz bezala».
Buenos Airesen
Tenak 10 urte eman zituen Buenos Airesen eta askotan itzultzen da. «Oraingoan Buenos Aireseko nazioarteko zine jaialdira etorri naiz, Matias Umpierrez artistaren Museo de la ficcion. I Imperio bideo instalazioaren aurkezpenera. Lan honetan parte hartu dut, Angela Molina, Elena Anaya, Robert Lepage eta beste aktore handi batzuekin batera. Egitasmo honen ekoizleak Donostia Kultura, dFERIA eta Rolex dira. Bideo instalazioa San Telmo museoan, Berlinen eta Moskun egon da eta munduko hainbat herrialdetara joango da».
Tenak Buenos Airesen eta Madrilen lan egiten du, batez ere. «Buenos Airesen 10 urte eman nituen. Hainbat pelikula eta telesailetan lan egin nuen. Lagun asko egin nituen eta sarritan itzultzen naiz, ikasteko, lan egiteko eta ideia eta egitasmo berriak ezagutzeko», aipatu du urretxuarrak.
Estatu espainiarreko hiriburuan ere lan egiteko aukera zabala dagoela dio. «Gaur egun Madrilen lan asko dago, plataforma berriak telesail asko egiten ari baitira».
Tenak antzerkia ere egiten du. «Zuzendari bezala egin nuen lehen antzezlana duela urte eta erdi estreinatu nuen, Madrilgo Lara antzokian. La Pilarcita da bere izenburua. Argentinako antzerkigile baten testua da. Nik Extremadurako herri batean kokatu nuen. Izan ere, nire familiaren zati bat Extremaduratik dator. Aktoreak Anna Castillo, Mona Martinez, Fabia Castro eta Alex de Luca dira. Esperientzia zoragarria izan da eta beste antzezlan bat prestatzen ari naiz. Oraingoan ere Argentinako antzerkigile baten lana moldatuko dut».
Maradonari buruzko telesaila
Urretxuko aktorea telesail batean eta film labur batean ere lan egiten ari da. «Netflix-en telesail batean lan egiten ari naiz. Diego Armando Maradona futbolariari buruzkoa da. Bestalde, film labur bat ekoizten ari naiz. Aktore lana Natalia Tena nire lehengusuak eta biok egingo dugu», amaitu du.