Inoiz baino sari handiagoarekin dator Argi-Berri elkarteko mus txapelketa
Ordiziako Argi-Berri elkarteak antolatutako mus txapelketa larunbatean da, 16:30ean hasita. Sari nagusia 2.000 eurokoa izango da. Bikote bakoitzak 50 euro ordaindu beharko du parte hartzeko.
Ordiziako Argi-Berri elkarteak urtero antolatzen duen mus txapelketa azkarra asteburuan, larunbatarekin batera jokatuko dute. Goierri eskualde osoan bakarrik ez, Euskal Herri osoan ere ezaguna da txapelketa. Izan ere, saria handia da, aurten sekula baino handiagoa, eta jende asko erakarri ohi du horrek. Aurtengo hitzordua larunbatean, hilaren 9an izango da, 16:30ean hasita.
Inguruan muslari gehien biltzen duen txapelketa da Argi-Berrikoa. Iaz, 121 bikote bildu zituen, eta Bizkaira joan ziren txapelak. Luis Anjel Abortiz eta Aitor Okamika izan ziren irabazleak, Eakoa eta Izpazterkoa hurrenez hurren. Muslari gehien 2006an elkartu ziren, 158 bikote hain zuzen ere, eta gutxien 2014an, 82k parte hartu zuten.
Beti bezala, mus partida azkarrak jokatuko dituzte. Lau erregetara izango dira, 6 hamarrekoko 3 ustelera.
Sari itzelak
Lehen zortzi bikoteek jasoko dute saria, eta lehen laurak Pre-Master txapelketarako sailkatuko dira. Elkarteko lehen bikoteak, herriko lehenengoak, eta bi emakumek osatutako lehen bikoteak eta lehen bikote mistoak ere izango dituzte sariak. Horrez gain, Argi-Berrik gogoratu du 5na arkume eta antxumeren zozketa-errifak salgai daudela dagoeneko.
Aurtengo irabazleek 2.000 euro eta txapelak eramango dituzte, eta txapeldunordeek 1.000 euro. Iaz arte, 1.500 eurokoa zen sari nagusia, eta bigarrenek 800 euro jasotzen zituzten. Izena emateko, 50 euro ordaindu beharko da bikoteko. Orain arte 40 euro ordaintzen zen.