«Izugarria da etxeko partidetan egoten den giroa, ez nuen halakorik espero»
Beasaingo BKL saskibaloi taldeko senior mutilen entrenatzaile berria da Xabier Chico urretxuarra. Espainiako selekzioan ere lanean ari da 15 urteko gazteen taldearekin.
Bizitza osoa saskibaloi munduan darama Xabier Chicok (Urretxu, 1969). Aurten, Beasaingo BKL-ko senior mutilen taldearen ardura hartu du. Espainiako selekzioarekin, 15 urteko gazteekin ere lanean ari da urretxuarra.
Goierri taldean jokalari eta entrenatzaile aritu zara 1983tik. Orain Beasainera etorri zara, 4 urte Azpeitian egin ondoren.
Jon Lekuona urretxuarra Beasainen zegoen entrenatzaile eta berak esan zidan Beasainera etortzeko. Bera nirekin hasi zen jokatzen saskibaloian, Urretxuko ikastolan; ni izan nintzen bere lehenengo entrenatzailea. Iaz Urretxuko Ioritz Pozok jokatu zuen Beasainen, eta biekin hitz eginda, esan zidaten jendearekin ez nuela inongo arazorik izango. Zuzendaritzan sartu diren asko nire aurka jokatutakoak dira, eta harremana daukat; hori ere izan da hona etortzeko arrazoia. Oso gustura nago, oso giro ona dago.
Talde barruko giro ona aipatu duzu. Harmailetako giroa ere nabarmentzen da Beasainen.
Izugarria da etxeko partidetan egoten den giroa, ez nuen espero. Ez da normala horrelako giroa egotea, beste inon ez dugu ikusi horrelako girorik. Talde barruko giroa ere oso ona da. Talde askotan egon naiz, eta beste taldeetan ere giro ona egon da, baina hemen jokalarien artean dagoen giroa harrigarria da, zerbait arraroa. Kuadrilla bat da eta daukaten harremanak asko errazten du bai etorri berrientzat eta bai atzetik datozen gazteentzat. Nik esan nien ni nintzela berria eta ni moldatu behar nintzela beraien taldera. Oso erraza izan da.
Kirol ikuspegitik, orain artekoaz zein balorazio egiten duzu?
Gogorra izaten ari da. Lehenengo hiru partidak puntu bakarragatik galdu genituen, eta hurrengoa bi puntugatik. Baina abendua hobeto bukatu genuen eta urtea ondo hasi dugu: egutegia alde eduki dugu eta azkeneko bost partidetatik lau irabazi ditugu, nahiz eta azkeneko partida Zarautzen galdu. Etzi Tolosaren aurka daukagu. Lehenengo itzulian puntu bakar batengatik galdu genuen eta nik uste dut taldea beste moral batekin dagoela. Oraindik zuloan gaude, baina burua atera nahian, sentipen onarekin gaude. Lanean jarraitu behar da, ez dago besterik.
Nola mantentzen da taldea motibatuta, azkeneko saskiratzean partida bat baino gehiago galduta?
Taldean harreman ona dute eta moral aldetik ez dut uste baxualdirik eduki dugunik. Nik uste dut inflexio puntua izan zela Tecnumen aurkako partida. Ez genuen gure maila eman eta nahiko sentsazio txarrarekin atera ginen. Baina partida hartan gauzak aldatu ziren. Txarra izan zen eman genuen irudia; handik aurrera hobetzen joan gara.
Gaizki egindakotik ikasten da.
Partida hura desastrea izan zen. Taldea, ni… burua jaitsi genuen, baina ezinezkoa zela esan genuen, lanean jarraitu behar zela. Gure zaleen aurrean ezin da irudi hura eman. Buelta eman genion eta orain hobeto gaude.
Zein da aurtengorako jarritako helburua?
Lehenengo egunean esan nuen iaz Jon Lekuona entrenatzaile zegoenean egin zutena hobetzea zela helburua. Hori lortzeko, datozen partidak irabazi behar ditugu. Aurten oso parekatua dago liga. Orain arazo bat izan dugu, Jonan Apaolaza Erasmusera joan da eta. Hala ere, Donostiako jokalari bat etorri da, Lander Segurola. Iaz ere bigarren itzulia askoz ere hobea egin zuten eta ea aurten ere horrela izaten den. Dinamika onean gaude.
Aurtengo denboraldian berrikuntza bat baduzue, bosgarren denbora.
Gorka Nuñezek errugbitik ekarri zuen ideia. Oso positiboa izaten ari da, denok txipa aldatzen dugu. Izaten dira partidak epailearekin protestaka aritzen garenak… baina partidatan bizitakoa bazterrean uzten dugu bosgarren denboran. Ea beste taldeek ere ideia jaso eta martxan jartzen duten. Bere kostua dauka, baina oso ondo dago. Kanpoko jendeak oso gustura hartzen du. Bakarren batek esan digu kanpoko partida guztiak Beasainen jokatu beharko liratekeela.
Espainiako selekzioarekin ere ari zara lanean.
Goierrin ibili nintzenean, lau urtean Euskadiko selekzioa entrenatzen aritu nintzen, kadeteen mailan, eta han nengoela Espainiako selekzioarekin aritu nintzen kolaboratzen, 12-13 urteko gaztetxoekin. Duela 3 urte Europako txapelketara joateko deitu zidaten, eta Poloniara joan ginen 16 urtekoekin. Opor guztiak horretarako izan ziren, baina merezi izan zuen, urrezko domina lortu genuen eta. Hura bukatuta, beraiekin harremanetan jarraitu nuen baina txapelketetara joan gabe egon nintzen, formalki beraiekin lanean aritu gabe. Iaz, irailean berriro deitu zidaten eta berriz ere 15 urtekoekin nabil. Aste Santuan Zaragozara joango naiz, eta dena ondo baldin badoa, uztailean, Italiara, txapelketa batera.
Zer moduzko harrobia dago?
Kadete mailan entrenatu izan dut eta Euskadin oso belaunaldi onak izan dira; orain ere jokalari onak ateratzen ari dira, baina ez dira hainbeste. Egiten ari den lana ona da eta datozen urteetan jokalariak aterako dira. Boladaka joaten da, eta gorabehera handiko garaiak izaten dira.
Beasainen harrobiaren aldeko apustua egiten ari dira.
Bai. Beasainen ikusi dudanagatik, zuzendaritza berria gauza asko egiten ari da, batez ere entrenatzaileen formakuntzan. Eta hori oso garrantzitsua da. Federazioak ere formazioa indartu nahi du, gazteak ateratzeko entrenatzaileak formatu behar direlako. Formazio hitzaldiak izaten ari gara eta ondo dago entrenatzaileak formatzea. Dena den, kontuan hartu behar da entrenatzaile guztiak amateurrak garela, ikasi edo lana egiten dugula. Asko errazten du formazioa hemen bertan emateak. Beasain izango da Gipuzkoan gehien saiatzen ari dena barne formazioan. Oso garrantzitsua da.
Goierrin hiru saskibaloi talde daude goi mailan, Ordizia eta Urretxuko Goierri EBA ligan eta BKL Euskal Ligako lehenengo mailan. Posible ikusten al duzu talde indartsu bakar bat ateratzea?
Euskal Federaziokoekin hitz egin izan dugu horretaz. Azkenean, Gipuzkoa mailan ez dago hainbeste jokalari EBAko lau talde edukitzeko eta Iraurgi Leb Plata Ligan dago. Beti esan izan da Donostia-Zarautz aldean talde bat egitea, Goierrin beste bat… Baina klub bakoitzak bereari begiratzen dio. Oso zaila izango da hiru taldeen artean moldatzea. Ondo egongo litzateke? Bai, eta oso talde polita egongo litzateke, baina hori talde guztien artean adostea oso zaila ikusten dut.
Larunbatean Tolosaren aurka, Antzizarren
BKL-ko senior mutilek larunbatean Antzizarren jokatuko dute 19:00etan, Tolosaren aurka. Aurretik, 17:00etan, senior neskak ariko dira Mazarredoren aurka. Mutilek galdu egin zuten pasa den asteburuan bigarren itzuliko lehenengo partida Zarautzen aurka, eta 11. postuan daude sailkapenean. Neskek atsedena izan zuten.