Lehen etxebizitzak ez direnei %50eko errekargua ezarriko die udalak
Gainordaina izango duten etxebizitzen zerrenda onartu dute alkatetza dekretu bitartez. Behin-behineko zerrendak 392 etxebizitza jasotzen ditu. Alegazioak aurkezteko epea ireki dute
Legazpiko Udalak indarrean jarriko du jabearen ohiko etxebizitza ez izateagatik Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) gaineko errekargua. Hain zuzen, gainordaina %50ekoa izango da. Alkate dekretuaren bitartez onartu berri dute errekargua ordaindu beharko duten etxebizitzen behin-behineko zerrenda.
Zerrenda behin-behinekoa da, gisa horretako etxebizitzen jabeek alegazioak aurkezteko epea izango dutelako. Alegazioak alkatetzara bidaliko dira, eta hara iristeko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura jo behar da eta bertan alegazioa aurkeztu. Izapidea egiteko epea otsailaren 28an itxiko dute.
Alabaina, errekargua ezartzerakoan, Ondasun Higiezinen Zerga arautzen duen ordenantza fiskaletan jasotzen diren hainbat salbuespen daude. Ez dute gainordainik ordainduko udalaren, haren erakunde autonomoen, enpresa erakunde publikoen eta kapital osoa Legazpiko Udalarena duten merkataritza sozietateen jabetzakoak diren etxebizitzak.
Salbuetsita daude, halaber, higiezinen zergaren gaineko hobariren bat dutenak, baita ostatu, hostal, alokairu eta era horretako jarduerei atxikitako etxebizitzak ere.
Merkataritza zein lanbide jardueretan modu jarraituan erabiltzen diren etxebizitzek ere ez dute errekargurik izango. Aitzitik, ezinbestekoa izango dute higiezinaren katastroko titularra izatea eta jarduera egon badagoela egiaztatu beharko da.
Salbuespenak aletuta
Zahar etxeetan erroldatutako pertsonen izenean dauden etxebizitzak ere salbuetsita daude; mendekotasun egoerak nahiz zaintza egoerak ere aintzat hartuko dira salbuespenetan.
Ñabardurak ñabardura, herentziaz jasotako etxeak, antolamenduz kanpo daudenak eta etxebizitzaren erabilera nekazaritzara edo abeltzaintzara zuzenduta badago, salbuetsita egongo dira baita ere.
Behin-behineko zerrenda ikusgai dago udaletxeko kontu-hartzailetza bulegoan eta han bertan kontsulta daiteke. Hala ere, konfidentzialtasun betebeharra dela eta, informazio osoa zergadunei edo haien ordezkariei baino ez diete emango .