«Belaunaldi berriak borrokara batzea da erronkarik handiena»
Gazte Antolakundearen 40. urteurrena dela eta, ‘Goierriko bulkada berrien garaia da!’ dinamika aurkeztuko dute gaur Ordizian. Hitzaldia, aurkezpena eta familia argazkia egingo dituzte.
Gazte Antolakundeak 40. urteurrena du aurten. Horren harira, Bulkada berrien garaia da! dinamika aurkeztuko dute Ordizian. Horretarako, Goierriko gazte antolakundearen historia kontatuko duen hitzaldia antolatu dute 18:00etarako. Belaunaldi desberdinetako militanteak elkartuko dira, 40 urte ,milaka bizipen goiburupean egingo den hitzaldiaren bueltan, 18:00etatik aurrera D’elikatuz zentroan. Ondoren, agerraldia egingo dute Plaza Nagusian 19:30ean. Juntadizoak, argazki erraldoia eta familia argazkia ateratzeko ere balioko du. Honen guztiaren inguruko xehetasunak eman ditu Maddi Jauregik (Legorreta, 1993). Jauregi, Ernaiko militantea da gaur-gaurkoz.
Zer da gaur arratsalderako antolatu duzuena?
Ordizian aurkeztuko duguna Bulkada berrien garaia da! dinamika da. Gazte Antolakundearen 40. urteurrenaren harira garrantzitsua iruditzen zaigu, gurea den memoriaren errelato bat kontatzea. Gaur egungo gizarte honetan inposatu egin nahi baita guk sentitzen ez dugun kontakizun bat. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun memoria hori transmititzeko espazio bat sortzea.
Nortzuk elkartuko zarete?
Goierrin 40 urte hauetan Gazte Antolakundean militatzen ibili den jendea. Belaunaldi oso desberdinetako jendea elkartuko gara, beraz.
Helburu nagusia zein da?
Esan bezala, urteetan zehar memoriaren transmisioa ixilarazi dutela sentitzen dugu. Batez ere ezker abertzalean eta Euskal Herrian militatu izan duten gazteek errepresio izugarria jasan behar izan dute, eta ixilean bizitzera kondenatu nahi izan gaituzte. Ezin izan dugu gure historia modu lasai batean elkarbanatu. Espazio oso intimoetan egin behar izan dugu. Historia ez da gaur egun komunikabideetan kontatzen dutena bakarrik, guk ere badugu esateko gauza asko eta horretarako sortu nahi dugu espazio hau.
Bestalde, eskertza egin nahi diegu 40 urteotan militante izan direnei. Gu oraintxe hemen bagaude, haiek egin duten lanagatik da. Hari baten jarraitzaile gara. Helburu eta borroka berdinaren parte sentitzen gara atzetik gatozen belaunaldi berriak.
Nola izan da garai bateko militante haiekin harremanetan jartzea?
Esan beharra daukat asko kostatu zaigula orain dela 40 urte Gazte Antolakundean aritutako jendea kokatzea. Batzuk ezagutzen bagenituen ere, jende gehiago bazegoela ere jakin bagenekien. Aipatutako memoria transmisio horretan, gaur militatzen ari garenak garai bateko militanteak nortzuk izan ziren ez jakitea, arazo bat izan da.
Horri irtenbidea bilatu na-hian, pertsona hoien zerrendak osatu ahal izateko laguntza eskatu behar izan dugu. Lan hori identifikatuta genituen pertsona guxti horien bidez egin dugu. Eta esan beharra daukat sorpresak ere eraman ditugula. Izan ere, ezagutzen genituen hainbat pertsona militante izandakoak dira eta ez genekien. Polita izan da!
Nola jaso dute hau guztia?
Oso ondo hartu dute. Haiek ere gauzak nola bizi izan dituzten kontatzeko beharra zutela uste dut. Denborak asko aldatu dira eta bizitako hura transmitzeko nahia barruan zuten.
Konziente izan behar dugu gainera, 40 urte hauek hamarkadetan banatuta ere, oso desberdinak izan direla. Hori guztia kontatzearen garrantzia ulertu dute lehenengo momentutik.
Gaur arratsaldeko ekitaldia nola biziko duzue?
Egitarauan jarri dugun moduan, familia argazkia da egingo duguna. Horrela deitu izanak badu arrazoi bat, familia guztia elkartzea bezala izango baita. Lagun zaharrekin elkartzeko unea izango da.
Gazte mugimenduaren egoera Goierrin nolakoa da oraintxe?
Ezker Abertzaleak estrategia aldaketa eman zuenean, trantsizio garaia suposatu zuen horrek eta Goierri mailan min handia egin zuen. Ez zen jakin transmisio hori ondo burutzen. Gaur egun militatzen jarraitzen dugunontzat, historia eta erreferente falta bat suposatu digu horrek. Horregatik, gaurko ekimen honetarako lan egiteak mesede handia egin digu.
Oraintxe duzuen erronkarik handiena zein da?
Belaunaldi berriak borrokara batzea. Egia da oraintxe gaudenak, Ernai sortu zenean sartu ginenak garela. Beraz, belaunaldi berri horiekin konexio puntuak bilatzen saiatzen ari gara gure helburuekin aurrera egiteko.