Ion Izagirrek irabazi du 70. Valentziako Itzulia
Larunbatean lider jarri zen ormaiztegiarra, eta postuari eutsi dio azken etapan. Alejandro Valverderen eta Pello Bilbao taldekidearen aurretik gelditu da sailkapen nagusian.
Ion Izagirre ormaiztegiarrak irabazi du Valentziako 70. Itzulian. Bigarren postua Alejandro Valverde espainiarrarentzat izan da, eta hirugarrena Pello Bilbao txirrindulari gernikarrak, Izagirreren taldekideak. Valentziako Itzuliko podiumera, beraz, Astana taldeko bi euskaldun igo dira.
Larunbateko etapan jarri zen Izagirre itzuliaren buruan. Laugarren postuan bukatu zuen etapa hartan, baina ordura arteko liderra, Edwal Boasson Hagen norvegiarra, atzera gelditu zenez, maillot horia janztea lortu zuen. Izagirrek ondo eutsi zion Valverderen erasoari.